Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Etxebizitza Behatokien III. Foroa antolatu zuen pasa den azaroaren 17an, Bilboko Euskalduna Jauregian, honako helburu hauekin:
- Estatuan dauden etxebizitza-behatokien egoeraren eta esperientziaren berri izatea, eta kezkak, lehentasunak eta aurrean dituzten erronkak partekatzea.
- Behatokien artean elkarlanerako eta talde-lanerako ildoak ezartzeko aukerari buruz gogoeta egitea.
Etxebizitza Behatokien Foroa Estatu osorako antolatu zen, publiko objektibotzat harturik autonomia-erkidego bakoitzean dauden etxebizitza-behatokiak eta, horiekin batera, tokian tokiko etxebizitza-departamentu edo -sailen barruan dauden antzeko unitateak.
Horiez gain, etxebizitza alorrean diharduten estatu edo udalerri mailako beste entitate edo erakunde batzuk ere gehitu ziren, bai eman zezaketen ikuspuntua interesgarritzat jotzen zelako bai Etxebizitzaren Euskal Behatokia bere jarduerak garatzeko orduan eragile horiekin harremanetan izan delako.
Etxebizitza-behatokien foroan, azkenik, 15 entitatek edo erakundek hartu zuten parte, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzaren eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren ordezkaritza gehitu behar zaie horiei.
Hautatutako jardunbide egokiak Sustapen Ministerioko Etxebizitza eta Lurzoruaren Behatokiak egindakoak (eragiketak eta estatistika-buletinak aurkeztea) eta Nafarroako Gobernuaren Errealitate Sozialaren Behatokiak egindakoak dira (Trazabilitateak bizi-ibilbideetan, datu-baseen arteko truketik abiatuta: prospektiba eta plausibilitatea). Halaber, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bere zerbitzu nagusiak eta jardunbide egokitzat hartzen diren jarduerak aurkeztu zituen.
Lanerako galdetegien azterketa oinarritzat harturik, taldeka egiteko bi lan-dinamika diseinatu eta moderatu ziren: bata, etxebizitza-behatokiek zer erronkari eta beharrei erantzun behar dieten adosteko, eta, bestea, elkarlanerako eta talde-lanerako ildoak ezartzeko aukerak aztertzeko.
Azkenik, hauexek dira etxebizitza-behatokiek identifikatutako etorkizuneko erronka nagusiak:
- Informazioa modu automatikoan jasotzeko sistema edo erremintaren bat izatea.
- Informazioaren kantitatea eta kalitatea hobetzea, kontuan hartuta beharrezkoa dela datuak tokiko mailan banantzea eta ustiatzea eta datuak eguneratuta edukitzea.
- Politika publikoak diseinatzeko eta planifikatzeko benetako bitarteko
- Beste administrazio batzuekin elkarlanean jardunda, datuak maila kuantitatibo zein kualitatiboan egiaztatu, jarraitu eta interpretatu behar direla azpimarratzea.
- Alde estrategikoa (jardueraren “core”-a) barneratuta edukitzea, eta gainerako jardueretarako eta zerbitzuetarako elkarlanean aritzeko dinamikak jartzea beste eragileekin.
- Ikerketa- eta aholkularitza-ikuspegia sustatzea.
- Herritarren parte-hartzea sustatzea eta erraztea, behatokiak herritarren “begi” bihur daitezen.
Honako elkarlan-ildo hauek proposatu ziren:
- Datu-base bat eraikitzea, etxebizitza-behatoki guztien identifikazio eta kontaktuekin.
- 2017an Etxebizitza Behatokien IV. Foroa antolatzeko konpromisoa hartzea, eta egiteko horretan Nafarroako Gobernuaren Errealitate Sozialaren Behatokiak hartzea lidergoa.
- Gogoeta egiteko lan-talde bat sortzea, jarraitu beharreko bide-orria diseina dezan, helburuak eta lan-ildo zehatzak jarrita.
- Sarean lan egiteko oinarriak jartzea, abiapuntutzat hartuz oinarrizko adierazle-taula komun bat, eta identifikatuz erabilitako estatistika-iturri nagusiak zein informazioa biltzeko egiten diren ikerketak.
Topaketa emankorra izan zen bildutako erakunde guztientzat, eta etxebizitza arloan elkarlanean eta talde-lanean jarduteko oinarri sendoak jarri ditu.