Etxebizitza premien eta eskaeraren bilakaera: joerak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunik handienak dituzten kolektiboak
EB: Ba al duzu informaziorik zure udalerriko lehen etxebizitza eskuratzeko eta etxebizitza mantentzeko premiei buruz? Zein dira azken urteotako joerarik nabarmenenak?
TD: AURRETIKO OHARRA: Ez dugu ez daturik ez ikerketarik gai horri buruz. Beraz, Bilboko Udalaren zerbitzuen jarduerari eta prestazioei buruzko datuetan oinarrituko naiz galderari erantzuteko.
Bilboko Udalaren 2015eko Memorian ageri diren datuen arabera:
2015ean, 10.969 herritarri eman zaie hitzordua Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) kudeatzeko. Udalak guztira 7.620 espediente izapidetu ditu 2015ean. Horietatik, 6.251 onartu eta ordaindu ditu. Beste 1.366 espedienteri uko egin die, araudia betetzen ez zutelako. Onartutako 6.251 diru-laguntzetatik, 5.728 Eusko Jaurlaritzaren funtsen kontura ordaindu ziren eta 523 udal-funtsen kontura. Aurrekontu osoa 5.102.933,59 €-koa izan da. Zenbateko horretatik, 4.661.727,74 € Eusko Jaurlaritzaren funtsetatik etorri dira, eta gainerakoa udal-funtsetatik.
Udal Laguntza Bereziak izeneko prestazioak unean uneko diru-laguntzak dira (ez dira aldizkakoak), arazo zehatza eta premiazkoa izanik, ohiko laguntza-bideetarako sarbiderik ez duten herritarrentzat. Udal-funtsak dira. 2015ean, GLLen atalean izapidetutakoez gain, beste 148 espediente izapidetu dira horrelako laguntzak emateko, guztira 195.340,94 €-koak. Era berean, laguntzen atal horretan, 2015ean beste 98 espediente izapidetu dira etxebizitzarako soilik diren diru-laguntzak emateko, guztira 154.548 €-koak.
Lanbidek emandako datuen arabera, 2015ean guztira 124.693.614 € bideratu dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errentara (DSBE), Guraso Bakarreko Unitateentzako Sorospenera (GBUS) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarrira (EGPO), honela banatuta: 102.394.959,06 € DSBErako eta GBUSerako eta 22.298.655,32 € EGPOrako. Batez beste 16.260 onuradunek jasotzen dituzte laguntza horiek. 2015eko abenduaren amaieran 16.124 onuradun zeuden, 2014an (16.314 lagun) baino % 1 gutxiago.
EB: Oro har, zehaztuko zenuke zer talde eta kolektibo geratu diren etxebizitza-merkatutik kanpo krisialdiko urte hauetan? Zenbateraino daude Etxebiden erregistratutako eskariaren barruan eta zenbateraino ezin dira Erregistro horretan sartu?
TD: Kontuan hartzeko moduko kolektibo bat dago, Etxebiden izena emateko gutxieneko diru-sarrerarik ez duelako: lan-merkatuan kide bakar bat ere ez duten familia-unitate asko daude, eta beste kasu askotan, ezkutuko ekonomian jardueraren bat egin arren, ez dute diru-sarrera horiek frogatzeko aukerarik.
Eta kontuan hartu beharko lirateke Etxebidek, Visesak eta udaletako etxebizitza-agentziek (Bilboko Udal Etxebizitzak Erakundeak, kasu) ordaindugabeei buruz eman ditzaketen datuak, krisialdiari lotutako egoera sozio-laboralak direla-eta, batez ere lan-merkatuan sartu eta bertan geratzeko zailtasunak direla-eta.
Muturreko egoerei eta, bereziki, etxebizitza galtzeko arrisku errealari dagokionez, Utzarazpenen kontrako Udal Zerbitzuaren datuak eman ditzakegu: 2015ean 115 kasu artatu dira (xehetasun gehiago jakiteko, ikusi 2015eko Txostena, 170. orrialdea eta hurrengoak).
EB: Zure ustez, zer talde edo kolektibo daude egoera larrian, etxebizitza eskuratzeko eta ordaintzeko administrazio publikoen berehalako erantzuna behar dutelako? Zenbateraino kronifikatu da azken urteotan kolektibo horien egoera eta nola erantzuten dio prestazio-sistemak (EGPO, Larrialdietarako Laguntzak eta abar) horien egoerari?
TD: Etxebizitzarik gabeko pertsonak, udalaren harrera-zentroetan hartzen direnak eta, etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasuna direla-eta, zentro horietako egonaldia luzatu behar dutenak; luzaroko langabeak, hainbat kidetako familia-unitateekin; lan-merkatu ezin eskasago batean sartu eta irten ari direnez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzerik ez duten pertsonak.
Pertsona horietako asko muga-mugan zeuden jada 2008ko krisiaren aurretik. Ez zuten okerrera egiteko tarte handirik.
Egoerarik larrienak DSBEa jasotzen ez duten pertsona eta familienak dira.
Dakizun bezala, 3/2015 Legeak, ekainaren 18koak, Etxebizitzarenak, etxebizitzarako eskubide subjektiboa jasotzen du, eta xedapen gehigarrian aurreikusitako kolektiboetan berehala erabili behar dela dio.
EB: Zer iruditzen zaizkizu eskubide horren aplikagarritasuna eta bideragarritasuna?
TD: Eskubide subjektiboari buruzko Dekretu Proiektua irakurrita, alderdi batzuk hartu behar ditugu kontuan:
- Ez dago argi zer eginkizun izango duen EGPOak, dekretua indarrean jartzen denean.
- Ez dakigu Dekretu Proiektuak zer eragin izango duen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) kudeaketan eta, bereziki, Dekretu Proiektu horretan aurreikusitako eskubide subjektiboari uko egiten zaion kasuetan.
- Izan ere, Dekretu Proiektuaren 11-1-b)-3. artikuluak dioenez, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) eskatzen denean, errentamendu edo azpierrentamendu kontratu bat izanez gero, kreditu-erakunde baten bidez errenta ordaindu izanaren ziurtagiria erantsi behar da.
- Agindu horren arabera, errenta ordaindu ez duten pertsonek ezin dute laguntza hori jaso, eta horrelako kasuak maiz gertatzen dira.
EB: Zer irizten diozu eskubide horri eta gaur egun indarrean dagoen prestazio-sistemaren barruan dagokion prestazioari (bereziki EGPOari eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzari)? Zertan aldatuko dira 3/2015 Legearen eskubide subjektiboaren babespean etxebizitza-prestazio berriaren onuradunak gaur egungo EGPOaren onuradunekin alderatuta?
TD: Eskubide subjektiboari buruzko Dekretu Proiektua irakurrita, alderdi batzuk hartu behar ditugu kontuan:
- Prestazioaren zenbatekoari dagokionez, batez ere egoera ahulenean dauden kolektiboen kasuan: gehienez 250 euroko zenbatekoa denez, araudiak ahalik eta zabalena izan beharko du; adibidez, alokairu kolektiboak onartuz, logela-alokairua (19. art.) baino zabalagoa izan daiteke, horrek mugak baititu (22. art.) gizarte-bazterketako arriskua duten kolektiboentzat.
- Dekretu Proiektuak EGPOa eskuratzeko aurreikusitako baldintzak zorroztu egin ditu honako puntu hauetan:
- Urteko gutxieneko diru-sarrerak.
- Etxebideko antzinatasuna (4 urte). EGPOak hiru urte ezartzen ditu.
- Prozeduraren iraupena (6 hilabete).
- Prestazioa amaituz gero, ez da mugarik zehaztu berriz eskatzeko epean. Diru-sarrerak Bermatzeko Sisteman, urtebetekoa da.
Alokairua sustatzea etxebizitza-premiari lehentasunezko erantzuna emateko
EB: Zure ustez, alokairuko etxebizitza babestuak etorkizuneko etxebizitza-politikaren joera nagusia izan behar du? Ezagutzen al duzu udalen edo beste erakunde batzuen ekimenik zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako etxebizitza sustatzeko?
TD: Itxura guztien arabera, alokairuko etxebizitza babestuak etxebizitza-politikaren apustu nagusia izan behar du.
Zailtasun gehien dituztenentzat, etxebizitza gizarte-laguntzarekin eskuratzeko programak aztertu litezke. Etxebizitza-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren arteko programak izango lirateke.
Programa horiek emaitza positiboak izan dituzte, bai etxebizitza eskuratzean, bai berori mantentzean.
Egoiliarrak behar izango duen laguntzaren maila edo intentsitatea agindu teknikoen arabera zehaztuko da, pertsona edo familia bakoitzaren beharrizanak aintzat hartuta.
Eskerrik asko