Etxebizitza Behatokiak argitaratu berri du bere web orrian Biztanleria Atzerritarrari eta Etxebizitza Babestuari buruzko Txostena (dokumenturako esteka artikuluaren amaieran).
2013an, nazionalitate atzerritarreko 25.640 pertsona zeuden erregistratuta Etxebiden, hau da, erregistroan izena emandako pertsona guztien % 24. Azken urteetan behera egin du arinki kopuru horrek; gauza bera gertatu da gainontzeko eskatzaileen artean.
Hala ere, Etxebidek jasotzen dituen eskaeren ia laurdenak atzerritarrek egiten badituzte ere, duten biztanleria-pisuari dagokionari baino gutxiagotan esleitzen zaizkie etxebizitzak; atzerritarrak esleipendunen % 10 dira.
Espediente gehienetan, alokairuko etxebizitza babestua eskatzen da (% 90); beraz, gutxiengo batek eskatzen du erosketa-erregimeneko etxebizitza. Izan ere, atzerritar eskatzaileen urteko batez besteko sarrerak gainontzeko eskatzaileen sarrerak baino nabarmen txikiagoak dira. Batez besteko orokorra 16.733 eurokoa bada ere, atzerritarrek nekez lortzen dute 10.000 euro gainditzea.
Gauzak horrela, atzerritar gehienak alokairuko etxebizitza baten esleipendun dira (% 83); nazionalitate espainoleko biztanleen kasuan, berriz, erosketa-erregimeneko etxebizitzen esleipenen portzentajea % 72koa da.
Eskatzaile atzerritarren erdiak Bizkaian bizi dira; Gipuzkoan eta Araban % 26 eta % 23 dira portzentajeak, hurrenez hurren. Hala ere, nabarmentzekoa da Araban izena emanda dauden biztanleen ia erdia atzerritarrak direla; Bizkaian eta Gipuzkoan % 23 eta % 19 dira portzentajeak, hurrenez hurren.
Hauek dira 2013. urteko eskatzaile atzerritarren ezaugarri nagusiak: eskatzaileen erdiak gizonak dira, ezkonduta daudenak ere erdiak dira, eskatzaile gehienak 30 eta 49 urte bitartekoak dira eta familia-unitate gehienek seme-alaba 1 edo 2 dituzte.
Informazio gehiago: