2007az geroztik argitaratzen diren etxebizitzaren adierazleak gero eta ezkorragoak dira. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, etxebizitzaren prezioa % 25 inguru debaluatu da.
Estatuan, eraikuntzaren arloko enpleguaren adierazleen arabera, 2012an Gizarte Segurantzan sektore horretan izandako galeren datuek okerrera egin dute. Izan ere, urtea zifra negatiboekin itxi zen (% 19,6), 2011koekin alderatuta, eta ordurako, antzeko beste beherakada bat jasanda zegoen.
Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sektore horretan afiliatutakoak 2007koen % 35 baino ez dira, eta azken hamabi hilabeteetan, zehazki, 165.600 kotizatzaile galdu dira.
Horri, 2007az geroztik, eraikuntzan galdu diren 145.000 afiliatu autonomoak gehitu behar zaizkio.
Sektoreko profesionalak, zifrak zehazterakoan batzuen eta besteen artean aldeak badaude ere, gauza batzuk garbi dituzte, 2013rako eta hurrengo ekitaldieratarako:
- Etxebizitzaren depreziazioak areagotzen jarraituko du, baikorrenek esaten dute % 10 gehiago jaitsiko dela, eta beste batzuk, berriz, % 20 inguru.
- Berankortasun hipotekarioa % 10en ingurukoa izan liteke, kontuan izanik interes-tipoen merkatuen aldakortasuna, eta enplegua nozitzen ari den suntsiketa-prozesu larria.
- Alokairuko etxebizitzak eskuratzeari dagokionez, 2013an gora egingo bide du, horrelakoak sustatzeko asmoa baitago eta banketxeen finantzaketak atzeraka jarraitzen baitu.
- Alde horretatik, zenbaiten ustez alokairuak merkeagoak izango dila 2013an, alokairuarentzako laguntzek emango duten bultzadari eta ezarriko diren prezio-mugei esker, jabeek nahiago izango dutelako arrazoizko prezioak jartzea, –atzean babes publikoa dutela–, merkatu aske eta ziurtasunik gabeko batean, prezioak igotzea baino.
- Erosteko eskaria jaitsi egingo da seguruenik, estatu mailako zerga-onurak bukatu egin baitira eta ez baita erraza banketxeen aldetik finantzaketa lortzea.
- Familiei etxebizitzak erosteko emango zaien kredituen bolumena baxua eta oso apala izango da, ekonomia oso motel ari baita hazten eta banketxeen palanka-efektua desegin beharra dagoelako.
- Etxebizitzen stockari nekez emango zaio irteera epe labur eta ertainean, batez ere, adreiluan oinarritutako produkzio-sistemak aldatzeko zailtasunak dituzten eskualdeetan.
- Europan ere etxebizitzaren merkatuak, gutxi askoa, sufritzen jarraituko du 2013an, ekonomia-hazkundearen perspektiba berez apalak ez baitira sektore horretan nabarmenduko eta produkzioak % 1,6ren bueltan egingo baitu behera. 2014a baino lehen ez da hazkunderik ikusiko, eta hori kasurik baikorrenean, esan nahi baita, Erresuma Batuan, Italian edo Frantzian; eta aldiz, beste batzuk eredu negatiboen barruan jarraituko dute, hala nola, Espainia, Portugal eta Poloniak.
- Etxebizitzaren arloko politika publikoek ezin izango diote babestutako etxebizitza berriak eraikitzeari ekin, aurreko ekitaldietan bezala, eta segun eta zer komeni zaien, stockari irteera eman beharko diote edo, bestela, inbertsioetarako daukaten diru apurra lehen dauzkaten etxebizitzak balioan jartzeko edo politika sozialagoak bultzatzeko erabili (alokairua edo emantzipazioa laguntzeko).
- Birgaitzea azpisektore egonkor izatera hel daiteke 2013an, baina betiere familien aurrekontuen eta birgaitzea sustatzeko programa publikoen arabera. Azpisektore hori enplegu-sortzaile garrantzitsu bihur daiteke, eta zikloari buelta ematen lagundu. Hala eta guztiz ere, birgaitzearen garrantzia lermatuta gera daiteke, baldin eta proiektuak mugatuak badira eta laguntza publikorik ez badago.
- Oraindik hilabete batzuk beharko dira banku txarra lanean hasteko, eta emaitzak ikusteko. Banku txarraren kudeaketak eta haren aktiboen kudeaketak eragin itzela izan dezake datozen hilabeteetan etxebizitzen merkatuan, izan ere, seguruenik, estatuko higiezinen agentziarik handiena izango da.
Orain arteko informazioak baikor izateko arrazoi askorik ematen ez badu ere, eta 2013ak itxura onik ez duen arren, garbi dago orain arte onartu diren formula-berrikusketak egungo arazoetara hobeto moldatutako politika berriak ekarri dituela, itzultzeari buruzko kezka aktiboarekin eta ebaluazio eta fiskalizazio-tasa altuagoekin, eta horrek, epe ertainean, sektorea hobetzen lagun dezakeela. Sektorea aldaketa- eta hausnarketa-prozesu sakon batean murgildurik dago; ezinbestekoa da sektorea
bera berrasmatzea eta nagusi diren baldintzatzaile sozial eta ekonomiko berrietara egokitzea.
El hecho de que la vivienda vaya mal no sé si es mailo de veras o es bueno, lo que sí sé, es que nuestros políticos no saben hacer otra cosa que esperar a que esta actividad remonte.