PAH-K ETXEBIZITZARI BURUZKO LEGEAREN PROPOSOMENA AURKEZTU DU

07/02/2018

Unidos Podemosek, Compromisek, ERCk eta Bilduk Espainiako Parlamentuan Etxebizitzari buruzko Legearen proposamena elkarrekin aurkez dezatela lortu du Hipotekek Eragindakoen Plataformak (PAH), etxebizitzarako eskubidearen alde eta desjabetzeen aurka.

Sozialki oso gai sentikorrak direnez, proposamena definizioz da egokia (seguru asko, are egokiagoa izango zatekeen, proposamenak berekin eduki behar duen eztabaida sozial eta politikoa –har litezkeen neurriekin batera– lehenago egin izan balitz).

Argudio-lerro nagusi hauek jorratzen ditu proposamenak:

1) Atzeraeraginezko ordaina ematea eta abusuzko klausulengatiko deuseztapena eta konpentsazioa.

2) Arrazoizko alokairua.

3) Desjabetzeak etetea.

4) Etxebizitza soziala, bankuen eskuetan dauden etxebizitza hutsetan emateko familiei ostatu berria.

5) Oinarrizko ur-, argi- eta gas-hornidurak bermatzea.

Gure ustez, eta, beraz, behatzaileak izanik dugun kokaleku zehatzetik igorritako iritzia da, akats asko egin dira etxebizitzaren arloan, etxe zaurgarrienetako oinarrizko eskubideak babesteari dagokionean, eta gehiegitan galarazi da gizarte-erreskate eraginkorra egitea eta benetako bigarren aukera ematea.

Zuhurkeria sozialaren politika horrek denboran bat egin du behea jotako bankuari egin zaion finantza-erreskate eskuzabal, oparo eta garestiarekin. Finantza-erreskate horrek, jakina, interes makro-ekonomikoak dauzka, ez beti ulergarriak eta, nolanahi ere, eztabaidagarriak.

EBren mailegu hori, ordea, zeinak interes-baldintza onak zituen (halaxe saldu ziguten), beste zerbait bihurtu da, aurreikus zitekeen bezala, eta zergapekoen kargurako erreskate izugarria bihurtu da (beste herrialde batzuetan bezala, bai, Alemania aitzindaritik hasita), aurretiko eztabaida eta onarpen eraginkorrik gabea, edo ez.

Ekonomia- eta finantza-krisian zehar eta krisiaren ondorio sozial kuantitatiboki eta kualitatiboki oso larriengatik pilatutako suminduraren emaitza izan da PAH plataformaren Etxebizitzari buruzko Legearen proposamena.

Alabaina, batzuetan alderdi atseginago batzuetatik bereizten badugu ere (adibidez, EBko Justizia Auzitegiek behin eta berriro babesten dituzte kontsumitzaile espainiarren eskubideak), EBn mugitzen gara, esparru sozial, ekonomiko eta politiko zehatz batean, non edozein analisitan kontuan hartu behar ditugun eta irtenbideen bilaketan ezinbesteko bihurtzen diren joko-arauak dauden.

Sistema bat dago, eta, denboran gutxienez hobetu egin behar bada ere, sistema horrek eragin egiten digu, eta irtenbideen benetako bilaketarako mugatzen gaitu.

Eta, gero, gure behatzaile-izaera zehatzetik zentzuzkoak iruditzen zaizkigun printzipio ekonomikoak daude.

Zuzeneko gastua beti da gastu fiskala baino hobea. Zuzeneko gastua askoz ere efizienteagoa da berdintasun-ezaren aurkako eta errentaren banaketa hobetzeko borrokan, bestea baino.

Zuzeneko gastua argia da, zehatza; hautazkoa eta lehentasunezkoa izan daiteke, eta ebaluagarria eta kontrolagarria da bere eraginetan.

Gastu fiskala, berriz, opakoa da, sakabanatua, birbanatzaile ez-efizientea, eta mesede gehiago eta hobea egiten die errenta-maila handiagoko sektoreei.

Politika publikoak gastu publikoarekin ordaindu behar dira, eta zergak dira gastu publikoa finantzatzeko elementu nagusia.

Beste bide batzuetara jotzeak, nahiz eta oso bide burutsuak iruditu, beren inpaktuak ezagutzea ere zaila den egoeretara eramaten gaitu. Nork ordaintzen duen zer eta noraino, eta nork irabazten duen eta nork galtzen azpisistema horiekin.

Norbaitek azpisistema konplexuak bilatu nahi baditu, energiaren prezioak finkatzeko indarrean dagoen gure sistemari begiratu diezaiola, edozein modalitatetan.

Lurralde-irismen ezberdina duten erakundeen artean banatzen dira eskumenak estatu autonomiko honetan, eta etxebizitza eskumen autonomiko bat da, gizarte-eremu horietan asko eragiten duten eta erregulazio estatalaren mendekoak diren –edo erakundearteko lankidetza-guneak irekitzea eskatzen duten– beste eskumen batzuen aurrean dagoena.

Politika horiek diseinatzeko, erregulatzeko eta, batez ere, betearazteko modu efizientea dira eskumenen-banaketa eta politika askoren azpian dagoen subsidiariotasun-printzipioa.

Are gehiago gero eta erabakitze-botere handiagoa duen eta daukan tamainak –pertsonengana iristeko formula eraginkor eta efizienteago gisa– eskuordetzera eta deszentralizatzera bultzatzen duen super-egitura europar batekoak garenean.

Politikak arbitratzeko eta betearazteko orduan aintzat eduki behar da sistemaren osagai hori ere.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, PAHren testua zabaltzeaz gain, proposatzen diren neurrien azterketa sakona egin nahi du, bai eta neurri horien eragin zuzena eta zeharkakoaren gaineko analisia egin ere, eta beharrezkotzat jotzen dugun eztabaida politiko eta sozialari lagundu nahi diogu.

Eta gure modura egingo dugu. Beraz, galdera-ikur gehiago irekiko ditugu gehienetan; zalantza egingo dugu, eta beti erantzungo ez ditugun galderak egingo dizkiogu geure buruari –behintzat, erantzun zehatzik gabekoak–.

Euskadin, legeen bidez eta epaitegietan bermatzen da etxebizitzarako eskubidea. Gure eskumenen neurrian edukitzen dute erantzuna ostatu-premiek, eta etxe zaurgarrienen gizarte-estaldura apartekoa da bitartekoetan eta baliabideetan. Batzuentzat, horixe da Euskadiko benetako bereizgarria. Agerikoa denez, beste batzuentzat ez da horrela.

Baina, batez ere, politika publikoen adostasunean eta erantzunkidetasunean oinarritu den sistema da, non euskal gizarteko espektro handien jarrerak sartuta dauden. Ez da kontu erraza, eta aldizkako asaldaketa garrantzitsuen mende dago; hemen eta mundu osoan ikus daitezkeen gune sozial eta politiko sortu berrietatik ere (berriak dira, baina oso oinarri zaharra daukate) sustatzen diren asaldaketen mende, alegia.

 

Informazio gehiago

http://afectadosporlahipoteca.com/wp-content/uploads/2017/03/textolegal_leyviviendaPAH_2017_v1.0.pdf

http://afectadosporlahipoteca.com/2017/03/22/ley-de-vivienda-de-la-pah/

http://www.publico.es/sociedad/ley-vivienda-pah-pah-lleva-congreso-renovada-ley-vivienda-atajar-burbuja-alquiler.html

http://www.psoe.es/actualidad/noticias-actualidad/el-psoe-traslada-a-la-pah-que-apoyara-la-toma-en-consideracion-de-su-propuesta-sobre-el-derecho-a-la-vivienda/

 

 

 

 


Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.