Kongresuko Justizia Batzordeak PDeCATen lege-proposamen bat onartu du. Horren bidez, Prozedura Zibilaren Legea aldatuko da, jabetza pribatua legez kanpoko okupazioaren aurrean babesteko.
Hori lortzeko, bira independentista egin zuenetik oso ohikoak izan ez dituen aliatuengan bilatu behar izan du babesa; hala nola, PP eta Ciudadanos alderdiengan. PNVk ere aldeko botoa eman du, baina PSOEk, Unidos Podemosek eta are Esquerra Republicanak ere, zeina PDeCATen kidea den Junts Pel Si koalizioan, aurka bozkatu dute.
Behe-ganberako Batzorde horrek Senatura bidali du lege-erreforma. Bertan, PPk dauka gehiengo osoa, eta, seguru asko, testuak ez du inolako oztoporik izango aurrera jarraitzeko. Hala ere, Kongresura itzuli beharko du gero.
Berez, etxebizitzekin legez kontra geratzen diren eta jabeei “erreskate” baten truke itzultzeko estortsioa egiten dieten edo familiei etxe horiek “alokatzen” dizkieten mafien aurkakoa da ekimena.
Gaur egun, legezko bide hertsian, okupatu den higiezin baten jabeek bi urte eman ditzakete beren etxeak nahi ez dituzten maizterrengandik libratzeko.
Proposamen berriarekin, ordea, epe horiek nabarmen laburtuko dira, hilabetetik beherakoak izango baitira.
Bada, etxebizitzen jabeak diren pertsona fisikoak eta xede sozialetara bideratutako etxebizitzen parke propioa daukaten irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta erakunde publikoak bakarrik izango dira neurri horren onuradunak.
Beraz, hortik kanpo geratuko da jabeen zerrenda luze bat, nahiz eta baimenik gabe eduki etxea okupatuta; adibidez, kanpoan geratuko dira etxe hutsen jabeak diren finantza-erakundeak eta inbertsio-funtsak.
Ezkerrak baztertu egin du; izan ere, bere ustez, proposamenak ez ditu betetzen finkatutako xedeak, eta egun gutxi batzuetan kanporatu ahalko dira familia zaurgarriak, mafien aurka jardun gabe.
Aurka agertu diren hiru alderdiek uste dutenez, aldaketak ez du bermatzen higiezin bat okupatu duten familia zaurgarriak birkokatuko direnik.
“Mafien aurka borrokatzeko, Mossoek jardun behar dute; ez dakit zergatik ez duten egiten”, galdetu dio bere buruari María del Mar Rominguera parlamentari sozialistak.
Era berean, oposizioari elkartu zaio Hipotekak Eragindakoen Plataforma, erraz desjabetzeko mekanismoa delako haren ustean.
Parlamentuaren lehenengo babesa eduki duen arren, ekimenaren etorkizunak aldaketak izan ditzake. Izapide ugari gainditu beharko ditu, baina PPk dagoeneko ohartarazi du aldaketak egingo dituela izapide horietan. “Askoz ere harago jo nahi dugu, hiru kontu hauetan: jabetzarako eskubidea zaintzean, etxebizitzarako eskubidea zaintzean eta polizia-jarduera indartzean”, esan du Ana María Zurita diputatuak.
Ikusi duzuenez, ideologikoki bat egiten duten jarrerak elkartzen direnean, ekimen batzuk aurrera ateratzen dira Kongresuan; alabaina, beste ekimen askok, gainerako ia guztiek, zain jarraitzen dute.
Informazio gehiago
https://politica.elpais.com/politica/2018/04/24/actualidad/1524587874_284180.html