NOBEDADEAK ETXEBIZITZA HUTSEN OKUPAZIOAREN INGURUAN

18/02/2019

Espainian 87.000 etxebizitzatik gora daude modu ilegalean okupatuta, Cerdà Institutuaren kalkuluen arabera. Beste iturri batzuek diote 100.000 ere izan daitezkeela.

Datu hori, lehenengo eta behin, gure gizartean instalatuta dagoen pobreziaren iraunkortasunaren adierazlea da. Iturri horren arabera, 67.000 familiak baino gehiagok –260.000 pertsona baino gehixeago– modu ilegalean okupatzen dituzte etxeak, premia handiz behar dutelako bizilekuren bat. Ez dute alternatibarik.

Horrek, era berean, agerian uzten du etxebizitza sozialen parkea zinez eskasa dela; baina, aldi eta une berean, etxebizitzen parke hutsa izugarri handia da.

Okupazioen zati esanguratsu bat, nahiz eta minoritarioa izan (milaka etxebizitza dira Espainian, eta batez ere, eta ez kasualitatez, Madrilen eta Bartzelonan), alokairuan dauden etxebizitzen parke publiko urriaren inguruan praktikatzen da.

Euskadin, arazo hori hutsala zen (bi eskuetako atzamarrekin zenbatu ahal izan ditugu kasuak) Eusko Jaurlaritzako alokairuko etxebizitzen parke publikoari dagokionez, eta, zorionez, ez zeukan inolako zerikusirik beste parke publiko batzuen egoerekin.

Administrazio publikoarenak diren etxebizitzen okupazioak hainbat kostu dakarzkie administrazio horiei: kudeaketa arloko kostuak, sinesgarritasun politikoari dagozkionak, eta krisi egoera iraunkorrak, ezin dietelako aurre egin etxebizitza publikoa eskuratzeko beharrizana duten pertsonen eta familien eskaerei.

Euskadin, gainera, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa ere badugu, eta horrek are gehiago tenkatzen du legezko esleipendunek etxebizitza publikoak legez eskuratu eta okupatzeko duten beharrizana.

Okupazio gehienak (iturri horren arabera, % 75etik gora) arazorik sorrarazten ez duten pertsonek egindakoak dira, muturreko beharrizanak eraginda. Gainerako % 25a modus vivendi gisa egiten da.

Okupazioarekin batera (etxebizitza zahar, abandonatu edo amaitu gabeak okupatzen dira, batez ere), legez kanpoko konexioak ere egiten dira gas, ur eta argi sareetan, eta horrek hainbat arrisku ekar ditzake, ez soilik familia okupatzaileentzat, ezpada inguru osoarentzat ere. Familia “okupek” beste zenbait ezaugarri ere izaten dituzte: osasungarritasunik eza, segurtasun falta, eta modu horretan bizirauteak dakarren stresa.

Garaiak izugarri aldatzen dira, eta okupen profila ere modu kezkagarrian ari da aldatzen. Okupak jada ez dira baliabiderik gabeko familiak soilik. Orain, mafia antolatuen gaitza ere agertu da.

Etxebizitzen legez kanpoko okupazioa negozio onegia eta errazegia bihurtu da mafientzat, eta, ondorioz, etengabe ari da hazten.

Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak daukan azken datua 2017koa da. Orduantxe erregistratu zen azken bost urteotako kopururik altuena: segurtasun indar eta kidegoek legez kanpoko 10.619 okupazio salatu edo ikertu zituzten. Aurreko urtean baino % 5,8 gehiago (9.998). Katalunia (4.123) eta Madrilgo Erkidegoa (1.466) izan ziren kasu gehien izandako eskualdeak. Eta, hiriak kontuan hartuta, Bartzelonak izan zuen errekorra, 3.072 salaketarekin.

Gero eta mafia gehiago dagoenez, hainbat produktu eta zerbitzu diseinatu dira okupazioak saihesteko asmoz. Esan liteke produktu eta zerbitzuen eskaintza berezia sortu dela esparru horren inguruan. Merkatu berri bat.

Aseguru-konpainia askok desokupazioaren gastu judizialak babesten dituzte etxeko arrisku anitzetarako polizetan, eta laguntza juridikoaren estaldurak ondasunen jabetze bidegabea ere hartzen du barne (aseguratutako mugaraino), bai eta ekintza bandalikoak ere. Prezio gehigarriarekin.

Merkatu zabala sortu da ex novo, ateari ostikorik ez emateko diseinatutako produktuekin. 2018an, okupazioaren aurkako sistemen instalazioak % 50 baino gehiago egin du gora. Orain ez dira soilik inbertsio-talde handiak sistema horiek alokatzen dituztenak: gero eta partikular gehiagok ere jotzen dute bide horretatik, etxebizitza hutsak babesteko asmoz.

Gehien eskaintzen diren produktuen artean, honakoak daude: altzairuzko ate eta pantailak, segurtasunezko giltzen bitartez sartzeko aukera ematen dutenak; kablerik gabeko alarmak etxebizitza hutsetarako; eta sarraila elektronikodun ateak, urrunetik kontrolatzeko nor sartzen den eta nor ez.

Sarrailarik gabeko altzairuzko ate eta leihoen kostua 120 euro ingurukoa da hilean, eta, modu horretan, okupazioaren probabilitatea % 1 baino txikiagoa da. Bezeroek gehien eskatzen dutena, era berean, okupazioaren aurkako atea da (hilean 70 euroren truke), bai eta etxebizitza hutsetarako alarma ere. Produktu batak zein besteak 140 euro balio du hilean.

Aldaketak legearen esparrura ere iritsi dira.

Duela zortzi hilabetetik hona, jabeek beste aliatu bat ere badute. Etxegabetze espresari buruzko lege berriak (5/2018 Legea, ekainaren 11koa, Auzipetze Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldarazten duena) asko azkartzen du jabeek lehen egin behar izaten zuten prozesu judiziala, bi urtera arte ere luzatu zitekeena.

Nobedaderik garrantzitsuena da jabeek etxegabetzearen inguruko epaiketa zibila izan dezaketela, denbora-tarte laburrean eta kostu gutxiagorekin beren jabetzak berreskuratu ahal izateko. Orain, bide zibila (eta ez penala) da okupazio gehienak konpontzeko biderik azkarrena.

2018ko uztailera arte, legeria prozesalak ez zeukan tresna azkarrik. Poliziari deitu behar izaten zitzaion, okupatzaileak identifikatu eta bide penalari ekiteko. Prozesuak luzeak izaten ziren, eta ez oso eraginkorrak. Ondorioz, praktikotasunari begira, kaltetuetako askok nahiago izaten zuten okupatzaileari dirua ordaindu, etxea utz zezan. Ex novo sortutako beste merkatu bat.

Orain, berriz, nahikoa da etxegabetzearen inguruko demanda zibila aurkeztea, eta, gutxigorabehera hilabeteko epean, etxebizitza berreskuratu daiteke. Lehen auzialdiko epaitegi guztiek ez dute lan-karga bera, ez eta arintasun bera ere demandak izapidetzeko orduan; baina, dirudienez, gehienez ere hiru eta bost hilabete arteko epean, jabea edo maizterra segurtasun osoz bueltatu daiteke bere etxebizitzara.

Legeak kautelazko neurri azkar hau baliatzen du: okupatzaileak bost eguneko epea dauka, jakinarazpenaren egunetik aurrera, etxearen titulu juridikoren bat duela egiaztatzeko (alokairu-kontratua, erosketa-eskritura…). Ez badu hala egiten, epaileak etxegabetze-baimena ematen du, eguna eta ordua ebatzita. Eta, gainera, ezin da auto horren aurkako apelaziorik aurkeztu.

Arau berriak jabeak babesten ditu, baina baita etxebizitza soziala duten Administrazio publikoak ere. Azken horiek beren benetako helbururako eskatu ditzakete aipatutako etxeak: etxebizitza behar duten eta eskatzaile-zerrenda ofizialetan izena emanda dauden pertsonei aterpea emateko, ezarritako lehentasun-irizpideen eta legaltasunaren arabera jokatuz, betiere. Baina tartean ez dira sartzen finantza-erakundeak, sustatzaileak edota inbertsio-funtsak. Esparru horretan, mafiek putre-funtsen eta bankuen higiezin-parke zabala dute eskuragarri. Gainera, azken urteotan, parke hori oso modu deigarrian handitu da.

Bide zibilak ez du bereizketarik egiten ohiko etxebizitzen eta bigarren etxebizitzen artean, baina badirudi bideratuago dagoela bigarren kasura. Izan ere, okupak ohiko etxebizitza batean sartzen badira (bertan bizi direnak ogia erostera jaitsi direlako edo oporretan joan direlako), etxe horretan indarrez sartu direla ulertzen da, eta, kasu horretan, berehala deitu behar zaio poliziari.

Horrelakoetan, berehalakotasuna funtsezkoa da, poliziak, prozedura judizialik gabe, okupatzaileak atera ditzan; izan ere, ageriko delitutzat hartzen da, okupazioa une horretantxe ari delako gertatzen edo gertatu berri delako, eta lekukoak ere badaudelako.

Okupazioa, formula gisa, gero eta erakargarriagoa da asmo legalik ez duten talde antolatuentzat, eta erakarpen hori benetan kezkagarria da.

Azken garaiotan, zenbait mafiak hiriak arakatzen dituzte etxebizitza hutsen bila, salmenta-kartelen bila ibiltzen dira leihoetan eta prentsako iragarkietan, eta dituzten kontaktuek ere pistak ematen dizkiete.

Merkatu berri bat osatuz (kasu honetan, merkatu beltza), mafia horiek etxebizitzak okupatzen dituzte, eta, gero, hirugarrenei “esleitzen” dizkiete, beren merkatu-arau propioak erabilita (ez interes publikoan oinarrituta, hain justu). Ondorioz, okupen bigarren belaunaldia dator, zeina, “prezio” jakin bat ordaindu ostean, etxebizitza horietan bizi den edo azpialokatu egiten dituen.

Beste mafia batzuek beren ohiko negozio-esparruekin lotuago dauden helburuak bilatzen dituzte, eta aipatzen ari garen etxebizitzak droga banatzeko pisu gisa edo legez kanpoko beste jarduera batzuetarako erabiltzen dituzte.

Onartzen badugu gizartea osatzen dugun guztiok (gobernuan daudenak ere bai, aldi baterako bada ere) eskubideak eta betebeharrak ditugula eta lege-kodeen menpe gaudela, mafiak eta beren jarrera okupatzaileak sobera daude. Eta etxebizitzen parke publikoetan egindako okupazio ilegalak ere horren barruan sartzen dira.

Euskadin, egunero-egunero, jende askok eskatzen du etxebizitza izateko eskubide subjektiboa, eta milaka eskatzaile daude Etxebiden izena emanda, alokairuko etxebizitza baten beharrizanarekin. Etxebizitza publikoak esleitzeko irizpideak finkatzen dituen sistema legal, publiko eta gardena ere badugu.

Horregatik, eta etxebizitzak ez daudenez sobera (Eusko Jaurlaritzaren alokairuko parkea 13.500 etxebizitza ingurukoa da; 22.700 etxebizitzakoa, aipatutako kopuruari udal parkeak gehituz gero), eta parke hori, funtsean, modu legalean dagoenez okupatuta, honako etxebizitza hauek baino ez daude eskuragarri: errotaziokoak (aldi batez hutsik geratzen direnak, atontzeko eta esleitzeko zain), Bizigune eta ASAP etxebizitza berriak, eta urtero amaitzen diren produkzio berriak. Gaur egun, eskaintza publiko berri horrekin egin nahi zaio aurre eskaera efektibo zinez handiari.

EAEko administrazio publikoentzat (eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzarentzat), ez da inondik ere onargarria inork beren baliabide urriak bortxaz kentzea, eta, era berean, ez dirudi interes publikoaren ordez delituzko etekin pribatua nagusitu dadin onartuko dutenik.

Beraz, eta Euskadin mota honetako kasuak oso gutxi izan arren eta, ondorioz, oraindik ere beste toki batzuetan okupazioarekin duten arazotik izugarri urrun gauden arren, ezin dugu bertan goxo geratu.

Egin beharrekoa eta jokabiderik zentzudunena hauxe da: orain eta gero, mafia horien aurka borrokatzen jarraitzea, bide zibiletik zein penaletik.

Aldi berean, eta etxebizitza hutsak dituzten jabeei zuzendutako mezu gisa, komenigarria da gogoraraztea Bizigune edota ASAP programa publikoak erabil ditzaketela. Modu horretan, alokairu seguru eta nahiko errentagarria izango dute, eta, bide batez, EAEko administrazio publikoek prezio merkean handitu ahal izango dute alokairu-eskaintza.

 

 Informazio gehiago

http://www.etxebide.euskadi.eus/contenidos/informacion/ovv_pol2017/eu_ovv_admi/adjuntos/2017_%20ebaluazioa.pdf

https://www.lavanguardia.com/politica/20190205/46236297422/el-congreso-rechaza-tramitar-por-via-de-urgencia-la-ley-contra-okupas-del-pp.html

https://www.elcorreo.com/bizkaia/vecinos-bilbao-vieja-20190211220452-nt.html

https://cincodias.elpais.com/cincodias/2018/04/24/midinero/1524592229_171399.html

 

 

 


Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.