Euskadin, legeak bermatu egiten du etxebizitza edukitzeko eta administrazio publikoek etxebizitzarako sarbidea errazteko eskubidea.
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea onartu izana mugarria izan da gizarte-eskubideak sakontzeko orduan. Honakoa da lege horren arrakasta eta bereizgarri nagusia: esplizituki onartzen da etxebizitza bat legez eta modu egonkorrean okupatzeko eskubide subjektiboa.
Etxebizitza duin eta egokirik ez eta behar diren baliabide ekonomikoak ere ez dituztenen aldeko eskubidea da hori. Era berean, jakitun izanik babes publikoko etxebizitza-parkearen eskaintza nahikoa ez dela, aukera subsidiarioa ezartzen du lege horrek. Horrela, prestazio ekonomiko bat ordainduz asebete daiteke eskubide hori, eta babestutako merkatutik kanpo errentamendura sartu ahal izatea ahalbidetzen die onuradunei.
Horixe da zirkuluaren amaiera. Euskadin aitortzen eta bermatzen den gizarte-eskubide nagusia da. Titularrek jurisdikzio-bidean eska dezakete, legedia espainiarrean orain arte ikusi ez den aurreikuspenean.
Hain da horrela, ezen legeak berak aipatzen baititu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1948ko abenduaren 10ekoa), Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (1966ko abenduaren 16koa) eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna (2000ko abenduaren 7an onartu zuten Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak).
Hain zuzen ere, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Batzordearen bidez, Nazio Batuek publiko egin dute Madrileko familia baten utzarazteari buruzko epaia. Errentatzaileak abiarazitako prozesu judizial baten emaitza izan da utzarazte hori, eta estatuko, Madrileko autonomia-erkidegoko eta udaleko administrazio publikoek ez dute erantzun eraginkorrik eman ordezko ostatua bilatzeari begira.
Familia horrek adingabeak dauzka ardurapean. Atzerapen jarraituak eskatu zituzten, oso egoera ekonomiko penagarrian egonik, adingabeko seme-alaben babesgabetasuna erabatekoa baitzen. Ordezko etxebizitza eskatu zioten IVIMAri, 10 urtez baino gehiagoz aurkeztu zituzten eskaerak kontuan hartuta (Madrileko udal-enpresa da IVIMA, etxebizitzaren eta lurzoruaren arlokoa)
Atzera-aurrera ibili ondoren, eta gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsona horiei eman zaizkien erantzunetan gabezi izugarriak egon ondoren (Nazio Batuen komunikazioa sartu da post honetan), etxetik bota zituzten gurasoak eta seme-alabak. Larrialdietarako Udal Zerbitzuan (SAMUR) igaro zituzten hurrengo hamar egunak, joateko gonbita egin zieten arte. Ez zieten ordezko ostatu-irtenbiderik eman.
Horren ondorioz, administrazio publikoak ezin izan zituen bermatu —edo ez zuen bermatzen jakin— pertsonei lotutako oinarrizko eskubideak, eta ziurgabetasun-egoeran jarri zuen familia bat, muturreko estutasunean eta zaurgarri.
Agerikoa denez, egoera horiek ez dira toki jakin bakarrean gertatzen (Madrilen, kasu), eta geografia espainiarreko toki askotara estrapola ditzakegu; hiri-eremuetara, bereziki.
Eta, komunikazioak ondorioztatzen duen bezalaxe, “Estatuak arrazoizko argudiorik ez duenez, (…) autoreei etxea utzarazi izana eta estatuko agintaritzek —Madrileko eskualdeko agintaritzak barne hartuta— ordezko etxebizitzarik bermatu ez izana etxebizitzarako eskubidea urratzea izan zen”.
Benetako ohartarazpena ala anekdota soila ote den, horixe da kontua.
Informazio gehiago:
http://www.ohchr.org/EN/NewsEvents/Pages/DisplayNews.aspx?NewsID=21842&LangID=E
http://www.ohchr.org/SP/ProfessionalInterest/Pages/CESCR.aspx
http://www.elmundo.es/sociedad/2017/07/05/595ce610468aebf04b8b4631.html