EEEren 2014ko “Euskadi Energia” txostenaren arabera, egoitza-sektorearen faktura moteldu egin da azken bi urteotan, sei urtez goraka sendo jardun ondoren. Etxeko fakturan % 6,1eko beherakada egon da eta biztanleko fakturan, % 5,8koa; 1.012 euro etxeko eta 408 euro biztanleko.
Etxe bateko energia-pobreziaren egoera gauzatzen da etxeko beharrei erantzuteko energia-zerbitzu kopuru nahikoa ordaindu ezin denean eta/edo diru-sarreren zati handiegia etxebizitzaren energia-faktura ordaintzera bideratu behar denean.
Diru-sarrera urriak, goraka doazen etxeko energiaren prezioak eta etxebizitzetako energia-eraginkortasun maila urria, denak batera, konbinazio arriskutsua da.
“Pobreza energética en España. Análisis de tendencias” (ACA, 2014) txostenean ondorioztatu zen, 2012an, eskuragarri dauden estatistiken azken urtean, Espainiako etxeen % 17k neurriz kanpoko gastuak zituztela etxeko energiaren fakturen ordainketan, alegia, 7 milioi pertsonak baino gehiagok. Era berean, Espainiako etxeen % 9k baino gehiagok adierazi zuen ez zela gai bere etxea neguan tenperatura egokian mantentzeko, alegia, 4 milioi herritarrek baino gehiagok. Horrek esan nahi du baloratu den lehenengo alderdian % 34ko gorakada egon dela eta bigarrenean % 19koa, 2 urteko bilakaeran baino ez.
Pertsona batzuek, zoritxarrez, hotza jasaten dute, baita etxean ere. Eta beste batzuek egiaztatzen dute energia-pobreziak heriotza eragiten duela.
Kalkuluak ez dira batere zehatzak, baina etxean tenperatura baxuan bizitzearen ondoriozko gehiegizko heriotza-tasa % 10 eta % 40 bitartekoa da. Espainian, etxeko hotzagatik hiltzen den gehiegizko pertsona-kopurua –Estatistiketan erregistratzen diren gaixotasunez eta bestelako kausez gainera– 2.000 eta 8.000 bitartekoa da.
Bartzelonako Agència de Salut Públicako ikertzaileek egiaztatu dute heriotza horietako asko ekidin egin daitezkeela: % 67ra arte. Eta, horretarako, nahikoa izan ziren neurri zehatz batzuk, eta horiek ez ziren batere konplexuak izan: gutxi babestutako eraikinetako fatxadak termikoki isolatzea besterik ez, batez ere berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan azkar batean altxatutako eraikinetakoak.
Ikertzaileek La Pau, la Guineueta, Trinitat Nova eta Verdum-eko 310 bloketako 6.600 etxebizitzetako auzokideen errealitate zehatza aztertu zuten –25.000 bartzelonar inguru–; eraikin horietan isolamendu termikoko neurriak hartu ziren, kanpoko plakekin, eta, gero, horiek margotu egin ziren, 1986. eta 2012. urteen artean. Aukera paregabea zen jakiteko auzokide horien konforta hobetzeaz gainera, inbertsioak osasuna hobetzen zuen. Eta esku-hartzea izan zuten eraikinen eta izan ez zutenen arteko erkaketa egin zezaketen (kontrol-taldea), eta biztanleei lehen gertatzen zitzaienaren eta eraikinak birgaitu ondoren gertatzen zaienaren artekoa.
Ikerketa laster argitaratuko da, eta erakusten du gehiegizko heriotzen % 67 arte saihets zitezkeela. Antzeman zuten etxeko hotz horren eta etxea berotzeko ezintasunaren biktimak (Espainiako etxetako % 9tan gertatzen da) emakumeak zirela. Hotzagatik hiltzeko arriskua % 140 handiagoa da emakumeen artean eta % 170 egiten zuen gora ikasketarik gabeko pertsonen kasuan. Eta % 300era iristen zen kopurua, 70 eta 79 urte bitarteko emakumeetan. Gizonen artean ere aldeak erregistratu ziren, baina datuak, azkenean, nahasiak eta kontrajarriak izan ziren. Emakumeen artean, ordea, ez.
Zergatik emakumeen heriotza gehiago? Beharbada, emakumeek denbora gehiago ematen dutelako etxean. Eta bertan atrapatzen dituzte oso egun hotzek, urritik martxora bitarteko batez besteko tenperatura % 5 gainditzen dutenek. Hotzak basokonstrikzioa eragiten du, biriketako arazoak eta arazo kardiobaskularrak areagotzen ditu. Bihotzekoak emanda heriotza gehien dauden egunak urte horietako tenperatura baxueneko egunekin bat etorri ziren. Arnasketa arazoengatiko gehiegizko heriotzak hotz-egun horiek baino egun batzuk geroago gertatu ziren. Etxeko hotzaren ondorio berantiarra da.
Azterlanak 26 urte horiek jaso zituen, eta 25.000 pertsona ingururen egoerak aztertu zituen. Talde horretan 1.880 auzokide hil ziren, eta heriotza horietako 114 oso egun hotzetan gertatu ziren. “Termikoki isolatutako eraikinetako auzokideen datuak termikoki isolatuta ez dauden eraikinetakoekin erkatuta, kalkulatzen dugu aldi horretan kausa horren ondoriozko berehalako 43 heriotza saihets zitezkeela, eta 40 aurreko egunetan. Gaizki egokitutako etxeetako fatxaden isolamendua osasun publikoko neurri eraginkorra da eta eragin argia du heriotza-tasan”, diote ikertzaileek.
Heriotzez gainera, etxeko hotzak erikortasuna ere badakar. Alde batetik, arnasketa-arazoak larriagotzen ditu, baina buruko osasunean, estresean, antsietatean eta depresioan du eragina, batez ere, kontrolik ezeko eta itxaropenik gabeko egoera dakarrelako. Eraginik gehien jasaten duen taldea nerabeena da. Hotzak behartzen du etxeko guztiak etxeko puntu berean kontzentratzera, beroago egoteko; pribatutasuna galtzen da eta buruko osasunak txarrera egiten du.
Energia-pobreziari aurre egiteko, hainbat neurri erabiltzen dira, arkitektura pasiboarekin zerikusirik ez dutenak, esaterako, aztertutako kasua. Esaterako, galdara aldatzeko laguntzak edo faktura hobetzeko neurriak hartzea. Horiek guztiak askoz ere errazagoak dira ikasketak dituztenentzat, beren jabetzako etxeetan bizi direnentzat eta diru-sarrera gehiago dituztenentzat. Ikertzaileen arabera, “adinak, alokairuan bizitzeak, diru-sarrera baxuagoak izateak eta ikasketa-mailek eragiten dituzten desberdintasunak kontuan hartzen ez badira, esku-hartze ohikoenek azkenean desberdintasunak areagotzen dituzte”.
Agència de Salut Públicaren ikuspuntutik –azterlan hau Sophie Europako proiektuaren barruan egin du–, nahitaez eduki behar dira gogoan aldagai horiek, energia-pobreziari aurre egiteko neurriak diseinatzeko orduan.
Eta beroaren kasuan? Adituek uste dute arkitektura-neurriek beste batzuk izan behar dutela, aireztatzea aldatzera bideratuak. “Heriotza-tasaren aldaketak harrigarriak dira bero-boladak daudenean”, dio. Baina hori beste borroka bat da.
“Energia-pobreziaren aurrean esku-hartze publikoak duen eragin ekonomikoa zazpi urtetara nabaritzen da, baina kaltetuen osasunean eragina berehalakoa da. Arkitekturan esku-hartze horiek egiteak horren egoera ahulean ez egotea dakarkigu”, diote Bartzelonako Agencia de Salut Públicako ikertzaileek.
Informazio gehiago:
http://www.eve.eus/Publicaciones/Datos-Energeticos/Euskadi-Energia-2014.aspx