Krisia hasi zenetik Euskadin etxebizitzen utzarazpenak tamalez gero eta ohikoagoak dira gure hirietako panoraman. Euskadiko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegien 2011ko 3. hiruhilekoko datuek diotenez (2012ko urtarrilaren 16an eguneratutako datuak), 2008 eta 2010 artean kaleratutakoen kopuruak gora egin du % 62, eta 2010ean izugarri igo da, % 51. 2011ko lehen hiru hiruhilekoetan jada 2008an edo 2009an baino kasu gehiago daude, 1.591 kasu. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Bilboko Epaitegietako espedienteei buruz duela gutxi egindako lagin-azterlan baten arabera, tramitatzen diren utzarazpen kasuen % 40 baino gutxiago lehen etxebizitzenak dira. Autonomia Erkidegoen artean konparaketa egiten badugu, Euskadiko kasua ez da dramatikoenetakoa; izan ere, Valentziako Autonomia Erkidegoan ia 10.000 kasu
izan ziren 2010ean, eta ia 10.200 2011ko irailera arte, eta horrenbestez, eskualde horretan egon dira Estatu osoko utzarazpenen % 20. Horren atzetik doaz Madril, Andaluzia, Katalunia eta Balearrak; leku horietan, 2010ean epaitegietan aurkeztutako hipoteka-betearazpenen % 53 egin ziren.
Iturria: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Krisiak organo judizialetan izan duen eragina. Justizia Auzitegi Nagusiak aurkeztutako Komunikazio egintzak eta botatzeak.
Enbargoak eta botatzeak: Batzorde judizialak egindako eginbideak ageri dira, eginbide horietan funtzionarioek ardura duen Zerbitzu Komunaren egoitzatik kanpo joan behar dutenean. Betearazpen egintzak dira, eta enbargoaren kasuan, zordunaren ondasunak bahitzen dira eta, indarrez, utzarazpenaren kasuan ondasunetik irten edo jabetza bertan behera uztera behartzen dute.
Aurreko datuetan egiaztatu ahal dugun bezala, Euskadin 2011n egunean ia 6 utzarazpen gertatu ziren. Kopuru jasanezina da, eta “krisi hiritarra” gertatzear dagoela pentsarazten du. Krisi horren ondorioak oraindik ezin dira aurreikusi. Hala ere, kontuan hartu behar da eguneko 6 utzarazpenetatik 2 soilik direla lehen etxebizitzenak. Egoera horretaz ohartuta eta gerta litezkeen haustura sozialak aurreikusiz, Eusko Jaurlaritzak herritarren babes eta laguntzarako proiektu handia abian jarri du, finantza erakundeekin bitartekari lana egiteko, familiaren porrot ekonomikoko egoerak hipoteka-zorra ordaintzeko ezintasuna sortzen duen kasuetan. Justizia Saila, Etxebizitza Sailarekin eta Gizarte Gaietako Sailarekin batera, bitartekotza zerbitzu bat diseinatzen ari da. Oraindik ez da gauzatu, baina lehenengo emaitzak izan ditu jada euskal epaileekin –proiektua guztiz babestuko dutela adierazi dute–, eragindakoen elkarte batzuekin –Stop Desahucios, adibidez, haien ikuspuntuaren berri izateko–, eta Euskadiko finantza erakunde nagusiekin –Kutxabank, BBVA, Banca Cívica, Banesto, CaixaBank, NovaGalicia, Banco Sabadell, Banco Popular, Caja Rural, Ibercaja, Iparkutxa, Bankia, Euskadiko Kutxa eta Banco Pastor– egin den bileran. Bilerak hasi besterik ez dira egin, eta datozen egunetan, akordioak nola taxutzen diren ikusiko dugu, denon artean hipoteken bitartekotzako euskal zerbitzu publikoa lortzeko. http://www.justizia.net/albisteak/eaeko-epaileek-utzarazpenekin-amaitzeko-planarekiko-adostasuna-adierazi-diote-gobernuari http://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Estadistica_Judicial/Informes_estadisticos/Informes_periodicos/ci.Datos_sobre_el_efecto_de_la_crisis_en_los_organos_judiciales__Tercer_trimestre_de_2011.formato3