Krisiaren hasieratik pisuen % 30etik gorako prezio-jaitsierak markak hautsi dituen arren, ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) bidezko diru-sarrerek, urtetik urtera, finantzazio-kuota handiagoak eragin dizkiete udalei.
Ogasun Ministerioak udal-zergen 2014ko rankingari buruz bildutako datuen arabera, udalerriek zergen bidez jasotako 100 eurotatik 38 OHZtik zetozen.
2015eko aurrerapenek joera gorakorra bera iragartzen dute. Izan ere, higiezinen katastroaren eguneraketak eta zerga-tasaren igoerak ez dute kontrakoa gertatzea errazten.
OHZ udalen salbamendu ekonomikoa izan da, eta horri esker, udalek Administrazio Zentralak edo autonomia-erkidegoek baino askoz ere hobeto egin diote aurre egoerari. Egonkortasun horren isla gisa, udal askotan aurrekontu-superabitak aurkeztu dira; beste lurralde-administrazio batzuentzat, aldiz, hori lortzea amets bat da oraindik.
Udalek etxebizitzen, saltokien, bulegoen, lokalen edo lurzoruen katastro-erreferentzietan ezartzen duten zerga-tasarekin jokatu dezakete (era mugatuan), eta aipatutako txostenean, zerga-tasaren eta aldakuntza-tasaren arabera sailkatu dira. Hala, 2014an karga gehien handitu duten 8 probintzia-hiriburuetatik 2 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira: Donostiak eta Bilbok % 1 baino gehiago handitu dute tasa hori urtebetean (% 1,48 eta % 1,18, hurrenez hurren). Baina OHZ garestiena daukaten hirien rankinean Bilbo 44. postuan dago, Donostia 50.ean eta Gasteiz 51.ean. Hiri-kontribuzio handiena Kataluniako bi udalerritakoa da, Lleidakoa eta Tarragonakoa, eta haiek dira OHZri dagokion zerga-ahaleginaren buru.
Hain da handia zerga horrek zerga-sistemetatik eratorritako diru-sarreren kopuru osoaren gainean duen presentzia, ezen Ogasun Ministerioak eta Eurostatek EBko zerga-figura nagusien bidezko diru-bilketari buruz egin duten txostenaren arabera, Espainiako Estatuan, PFEZ, sozietate-zerga edo BEZetik eratorritako diru-sarrerak batez bestekoaren azpian egon arren, jabetzen eta eraikuntzen gaineko zergak Europako batezbestekoaren pare daude –batez ere, OHZren kontribuzioari esker–.
Espainian, 10.000 milioi euro baino gehiago biltzen dira zerga horren bitartez. Zerga-figura egonkorra eta segurua da (eraikinak ezin direlako paradisu fiskaletara lekualdatu) eta jabeen herrialde horretan ez da jaitsierarik izan diru-bilketan.
Bide horretatik diru gehien biltzen duten herrialdeak, Espainiarekin batera, Frantzia, Grezia eta Italia dira. Greziaren kasua bereziki interesgarria da. 2011n nolabaiteko OHZ bat sortu zutenetik, iruzur-maila handia den arren eta krisi ekonomiko handia bizi arren, zerga horren bitartez 3.000 milioi euro bildu ahal izan dituzte.
Horrenbestez, nabarmentzekoa da udalek zerga-tresnak erabiltzen jakin dutela, higiezinen jabetzaren gaineko zergak, toki-mailan sustraituak, zerga-egintza bikainak izan direla, eta jabeak, subjektu pasibo bikainak. Horrek guztiak toki-erakundeei, konparazioz, finantza-osasun askoz ere hobea eman die.
Gainera, zergak ordaindu behar izan dituztenak, noski, bizilagunak beraiek izan arren, neurri handi batean, tokiko gastu publikoaren onuradunak ere izan dira, modu zuzen eta hurbilekoan, eta hurbiltasun horrek beti mingarria den zerga-zama arintzen eta justifikatzen laguntzen du.
Izan ere, ekarpena egiteko betebeharrak ondo definitzen duen bezala: «Badakigu talde guztiek, kolektibitate guztiek, behar komunak dauzkatela eta kolektibo horretako kideen ekarpen ekonomikoen bitartez finantzatu behar direla»
Informazio gehiago:
http://www.expansion.com/economia/2015/11/10/5641ec9ae2704e8d6b8b4672.html