Eusko Jaurlaritzak abian jarri du alokairuko etxebizitzetarako Bitartekaritza Programa, etxebizitzak merkatu librean baino merkeago alokatzeko.

28/03/2012

Diru sarreren muga 39.000 euro izango da Udalerriaren arabera 400 eta 650 euro bitarteko errenta ordainduko da

Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi duen dekretu baten bidez etxebizitza libreen alokairuaren merkatuko Bitartekaritza Programa sortu da (ASAP, Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa), etxebizitza pribatuak neurrizko prezioetan alokatu daitezen. Programa berriaren bitartez aukera eman nahi da etxebizitza pribatuak alokairuen merkatuan sar daitezen, errentarientzat arrazoizkoa izango den prezioan.

Horretarako, Etxebizitza Sailak jabeei bermatu egingo die errenta kobratuko dutela, defentsa juridikoa izango dutela eta kalteak konponduko zaizkiela, kontingentzia horiek estaliko dituzten aseguru polizak kontratatuz.

Jabeei eskaintzen dizkien bermeen trukean Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko prezioak finkatuko ditu, eta merkatu librekoak baino prezio txikiago eta lehiakorragoak izango dira. Horrela, euren inguruabar sozioekonomikoengatik merkatu libretik kanpo geratzen diren etxebizitza-eskatzaileek alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago izango dute.

Udalerriaren arabera 400 eta 650 euro bitarteko errenta ordaindu beharko da. Urtean 7.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera ponderatuak dituzten pertsona guztiek alokatu ahal izango dituzte horrelako etxebizitzak.

Eusko Jaurlaritzak 3000 etxebizitza bideratu nahi ditu 2012 eta 2013an programa berri horretara.

Errentariak

Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribaturiko pertsonak Programako eskatzaile bihurtuko dira besterik gabe, alokairuko etxebizitza eskatzen badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  1. Errentamendu kontratua egiten den eguna baino bi urte lehenagotik, inongo etxebizitzaren jabetzarik, azalera eskubiderik edo gozamen eskubiderik ez izatea. Alde batera utziko dira babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiek aurreikusitako salbuespenak
  2. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon bera edo, gutxienez, bizikidetza-unitateko kideetako bat.
  3. Urtean 7.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izatea, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 38/2009 Dekretuaren 23. artikuluak, edota horren ordezko araudian aurreikusitakoarekin bat etorrita.
  4. Etxebizitzen errentak ez dezala bere urteko diru-sarrera haztatuen %30 gainditu.

Programan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo bizikidetza-unitateek izena eman behar dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan. Programako etxebizitza bati uko eginez gero, Erregistroko inskripzioa kendu egingo da, Erregistro horren araudian aurreikusitako moduan.

Lehentasun irizpideak

Lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

  1. Bizikidetza unitatearen urteko diru sarrera ponderatuak egokiak izatea etxebizitzak duen errentarako.
  2. Zein udalerritako etxebizitza eskatzen den.
  3. Etxebizitzaren ezaugarriak egokiak izatea bizikidetza unitateko kideen kopururako.
  4. Antzinatasuna, hau da, eskatzailea noiztik dagoen inskribatuta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan.

Etxebizitza Sailak etxebizitza-eskatzaileen zerrenda egingo du lehentasun irizpideen araberako hurrenkeran, eta bide telematikoetatik agente laguntzaileei bidaliko die, euren jardueraren lurralde eremuaren arabera.

Etxebizitzen betekizunak

Programan sartu ahal izateko, etxebizitzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Inolako babes publikorik ez izatea.
  • Lehenengoz okupatzeko lizentzia edukitzea.
  • Egituraren eta eraikuntzaren egokitasunari eta bizitzeko egokitasunari buruzko baldintza orokorrak betetzea.
  • Txukun eta garbi egotea.
  • Sukaldea eta bainugelak altzariz hornituta edukitzea.
  • Ez egotea lehendik alokatuta, ez okupatuta, eta alokatzea eragotziko lukeen bestelako mugarik ere ez izatea.
  • Sailaren iritziz alokairuko etxebizitzen eskari nahiko handia dagoen udalerri edo eskualde batean egotea.

Jabeen betekizunak

Jabeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

  1. Etxebizitzaren kudeaketa osoa etxebizitzaren ardura hartu duen agente laguntzailearen esku uztea; tartean, errentamendu kontratuetako fidantzak gordailutzeko eta berreskuratzeko kudeaketa.
  2. Agente laguntzaileari ordainsaria ematea:
    • Etxebizitzaren lehenengo errentamendu kontratuko hileko errenta bat. Ordainsari hori kontratua sinatzen den unean bertan sortuko da.
    • Lehen kontratuaren ostean etxebizitza lehengo maizter berari alokatzeko egiten diren errentamendu kontratuetako bakoitzean, hileko errenta baten erdia. Ordainsari hori ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.
    • Lehen kontratuaren ostean etxebizitza beste maizter bati alokatzeko egiten diren errentamendu kontratuetako bakoitzean, hileko errenta bat. Ordainsari hori ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.
    • Komisio bat, gehienez ere errentaren ehuneko hiru. Ordainsari hori hilero sortuko da kontratuak indarrean dirauen bitartean.

Agente laguntzaileak

Eusko Jaurlaritzaren agente laguntzaileek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte, besteak beste, homologazioa lortzeko:

  • Higiezinen jabetzako agentea izatea edo, bestela, pertsona fisikoa edo legez eratutako pertsona juridikoa izatea, arlo horretako inolako titulurik ez duena eta inongo elkargo ofizialetako kide ez dena baina Higiezinen eta Garraioaren Sektoreetako Presako Liberalizazio Neurriei buruzko maiatzaren 20ko 10/2003 Legearen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituena higiezinen arloko bitartekotzan aritzeko.
  • Jarduera horretan gutxienez 5 urte egin direla frogatzea.
  • Establezimenduren bat edukitzea jendearentzat zabalik, irisgarritasuna bermatzen duena.
  • Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea jarduerarako, gutxienez urtean 600.000 euroko estaldura duena.

Eginkizunak

Agente laguntzaileek eginkizun hauek izango dituzte, besteak beste:

  • Programari buruzko argibideak ematea jabeei nahiz errentariei, eta Eusko Jaurlaritzak errentamenduaren sustapenerako laguntza publikoen gaineko informazioa emateko antolatzen dituen ekintzetan laguntzea, eta horien tramitazioa erraztea hala behar denean.
  • Jabeen eta errentarien arteko kontratuak sinatzen direnean bitartekari lanak egitea.
  • Errentamendu harreman egokiak ahalbidetzea, eta kontratuaren iraunaldian sortzen diren gatazketan adostasuna bilatzeko bitarteko gisa aritzea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzek eskaintzen dituzten doako zerbitzu publikoak lehentasunez erabiliz.
  • Programarako etxebizitza libreak ekartzea.
  • Etxebizitzak programan sartu ahal izateko egokitze obrak egin daitezela proposatzea eta amaitutakoan obra horiek ikuskatzea.
  • Etxebizitzaren egoeraren inbentario osoa egitea, jabeari egoera berean itzuliko zaiola bermatzeko.
  • Errentamendu kontratuetako fidantzak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzetan gordailutzeko eta handik berreskuratzeko kudeaketak egitea errentatzaileen izenean.
  • Programarako ekartzen dituen etxebizitzak kudeatzea, berak bakarrik.
  • Alokairu zikloren bat izan duten etxebizitzen kasuan, berriro okupatu daitezen ahalegintzea.
  • Etxebizitza bakoitza balizko errentariei erakustea, Sailak igorritako zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari hertsiki jarraituz, harik eta pertsona edo bizikidetza-unitateren batek etxebizitza onartu arte.
  • Errentamendu kontratuari dagozkion zergen likidazioa tramitatzeko kudeaketak egitea.
  • Kontratua amaitutakoan errentariak etxebizitza borondatez uzten duenean, etxebizitza berreskuratzea.
  • Errentamendu kontratua amaitutakoan etxebizitza ikustera joatea, nola dagoen ebaluatzeko, inbentarioa egiaztatzeko eta kalterik badagoen begiratzeko, eta txostena egin ondoren fidantza osoa itzultzea, errentatzaileak berariaz baimena emanda, edo bestela fidantzaren zati bat itzultzea, kalteak konpontzeko eta inbentarioa lehengoratzeko kostuak deskontatu ondoren, edo fidantza osoa atxikitzea.

Aseguru polizak

Sailak behar diren aseguru polizak kontratatuko ditu. Hauek izango dira gutxieneko kapital aseguratuak:

  1. Edukitzailea: 50.000 euro lehen arriskurako
  2. Edukia: 10.000 euro
  3. Erantzukizun zibila: 180.000 euro

Aseguru polizen primak 2012an eta 2013an ordaintzeko 761.094 euroko aurrekontu-kreditua sortu da.

Gehieneko errentak

Programan onartuko diren gehieneko errentak honakoak dira:

Programan onartuko diren gehieneko errentak
Gehineko errentak hilean Gehieneko prezioen zonak
 650  Donostia
 600  Bilbo

Vitoria-Gasteiz

 550    Araba/Álava: Laudio
 Bizkaia: Amorebieta, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Mungia, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Sopelana.
 Gipuzkoa: Andoain, Arrasate, Astigarraga, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Tolosa y Zarautz.
 475    Araba/Álava: Salvatierra/Agurain, Amurrio, Oion.
 Bizkaia: Abadiño, Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Bakio, Balmaseda, Barrika, Berriz, Derio, Elorrio, Etxebarri, Gorliz, Güeñes, Igorre, Iurreta, Larrabetzu, Lekeitio, Lemoa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Markina-Xemein, Muskiz, Ondarroa, Urduña, Ortuella, Plentzia, Sondika, Ugao, Urduliz, Trapagaran, Zaldibar, Zalla, Zamudio, Zaratamo, Zeberio, Zierbena, Ziortza-Bolibar.
 Gipuzkoa: Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Elgoibar, Eskoriatza, Getaria, Ibarra, Lazkao, Legazpia, Oñati, Ordizia, Orio, Soraluze, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zestoa, Zizurkil, Zumaia, Zumarraga.
 400  Gainerako udalerriak

Dekretu hau 2018ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.


Utzi erantzuna Concepción(r)i Utzi erantzuna

Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.