2012ko martxoaren 9a.- Gaur Ministroen Kontseiluak onetsi duen Errege Dekretuak etxebizitzen utzarazpenen arazoari aurre egiteko neurriak ezartzen ditu, gizarte-bazterkerian erortzeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta. Dekretu horretan, babestu beharreko kolektiboa barne hartzeko mugak ezartzen dira, berandutza-interesak mugatzen dira, eta judizioz kanpoko betearazpen-prozedurak berritzen dira. Dekretuarekin batera, Jardunbide Egokien Kodea jasotzen da. Kode hori, nahi badute, finantza-erakundeek sinatu ahal izango dute, eta BOEn argitaratuko da.
Arauan, bazterkeria-mugaren definizioa ezartzen da: lehenengo etxebizitza eta bakarra izatea, eta familiako kide batek ere ez izatea lanetik edo ekonomia-jardueretatik eratorritako errentarik. Horrez gain, hipoteka-kuotak familia-unitateko kide guztiek batera jasotzen dituzten diru-sarrera garbien % 60tik gorakoa izan beharko du. Halaber, ezin dute eduki zorrari aurre egiteko ondare-ondasunik.
Hipotekatutako etxebizitzaren erosketa-balioak muga hauen artean egon beharko du:
• 1.000.000 biztanletik gorako hiriak: 200.000 euro
• 500.000 biztanletik gora dituzten edo 1.000.000 biztanletik gorako udalerrien metropoli-eremuetan integratuta dauden hiriak: 180.000 euro
• 100.000 biztanletik gorako hiriak: 150.000 euro
• 100.000 biztanle baino gutxiagoko hiriak: 120.000 euro
Bazterkeriaren mugan dauden familientzat, aplikatu beharreko berandutza-interesa honela lortuko da: maileguan itundutako ordainketa-interesei % 2,5 batuta zor diren eta ordaindu ez diren kopuruen gainean.
Horrez gain, dekretu horretan, judizioz kanpoko betearazpen-prozeduren berritzea jasotzen da, arinagoak, merkeagoak eta gardenagoak izan daitezen, betearazpen judizialekoen ildotik. Zehazki, online enkanteen sistema berria egongo da, Justizia eta Presidentzia Ministerioarekin lankidetzan.
Erreforma osatzeko, Jardunbide Egokien Kodea gehitu da. Finantza-erakundeek, nahi badute, kode hori sinatu ahal izango dute. Finantza-erakundeek horren berri eman beharko diote Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiari, eta, horrek, zerrenda jendaurrean jarriko du. Kode horretako iraunaldia, gutxienez, bi urtekoa izango da, eta, betetzen ez bada, kaltetuak Justizia Auzitegietan argudiatu ahal izango du.
Jarraipena Kontrol Batzorde batek egingo du, eta hauen ordezkariak egongo dira batzorde horretan: Espainiako Hipoteka Elkartea, Espainiako Bankua, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala eta Ekonomiako Estatu Idazkaritza. Kontrol Batzordeak, sei hilerik behin, txostena egingo du, Kodearen betetze-mailari buruz.
Jardunbide Egokien Kodea fase hauetan aplikatuko da:
1. Hipoteka-zorra berregituratzea: Bazterkeria-esparruan dauden zordunek hipoteka-zorra berregituratzeko eskatu ahal izango diote erakundeari, zorraren ordainketa bideragarri egiteko; hilabeteko epean aurkeztuta egon beharko du. Plan horrek honako hauek jaso beharko ditu: lau urteko ezaldia kapitalaren amortizazioan, amortizazio-epea 40 urtera arte luzatzea, eta aplikatu beharreko interes-tasa Euriborra + 0,25 puntura murriztea. Betearazpen-prozedura hasi barik daukaten zordunek eskatu ahal izango dute hipoteka-zorra berregituratzeko.
2. Neurri osagarriak: Birfinantzaketa egin arren zorraren ordainketa bideragarria ez bada, zordunak kitatzea eskatu ahal izango du amortizatzeko dagoen kapitalean. Berregituratzea bideraezintzat joko da, hipoteka-kuota familia-unitatearen diru-sarreren % 60tik gorakoa bada. Kitatzea betearazpen-prozeduran daudenek eskatu ahal izango dute, betiere enkantea iragarri ez bada.
3. Ordezko neurriak: Aurreko bi faseek ez badute emaitza egokirik eman, bazterkeria-esparruan dauden zordunek etxebizitza ordainean ematea eskatu ahal izango dute. Etxebizitza entregatuta, zorra guztiz kitatuko da, bai eta zordunaren erantzukizun pertsonalak ere. Zorduna, gutxienez, bi urtez egon ahal izango da errentari moduan, eta urtean errenta hau ordainduko du: ordaintzeko daukan zorraren zenbatekoaren % 3. Epe horretan, errenta ez ordaintzeak % 20ko berandutza-interesak sorraraziko ditu. Ordainean ematea ez da aplikatuko betearazpen-prozedura amaitu bada edo etxebizitza osteko kargekin kargatuta badago.
Informazio gehiagorako: