2015eko martxoan, euribor indizea (kreditu-erakundeek ematen dituzten hipoteka-maileguetarako interes-tasak finkatzeko erabiltzen den erreferentzia nagusia) % 0,212ra jaitsi zen; aurreko hileko % 0,255etik apurtxo bat behera, eta iazkoarekin alderatuta, hiru hamarren, 2014ko martxokoa 0,577koa izan baitzen.
Euriborrak (euriborra euroguneko erakunde nagusien datuak oinarri hartuta kalkulatzen da, eta, urtebeteko epean, eurotan egingo diren uneko gordailu-eragiketetan erabiliko den interes-tasa da) beheranzko bidea hartu zuen 2008an, % 5,3an goia jo ondoren (2008ko uztailean, % 5,393), eta geroztik etengabe jaitsi da, egungo % 0,212ra iritsi arte. Minimoa historikoa da, eta dagoeneko segidako hiru hilabetetan % 0,3ren azpitik geratu da.
Bestalde, kreditu-erakundeek 2015eko otsailean etxebizitza libre bat erosteko hiru urte baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasak % 2,457ean utzi dute erreferentzia-tasa ofiziala.
Adierazlearen bilakaera aldatu egiten da Europako Banku Zentralak onartzen dituen tasen igoeraren edo jaitsieren arabera, eta erakunde horrek irailean izandako bileran inoizko interes-tasarik baxuena onartu zuen (% 0,05), eta geroztik ez da aldatu.
Hortaz, hileko kuota nabarmen jaitsi daiteke, emandako hipotekaren eta eskualdearen arabera, hileko kuota berrikusten denean.
Alabaina, zalantzagarritasun-tasek (eta tasa horiek etxebizitza bat erosteko orduan ordaintzaile onaren berme izan dira orain arte) kontrako bidea hartu dute erabat.
Espainiako Hipoteka Elkartearen arabera, sektore pribatu egoiliarrari ematen zaion kredituen zalantzagarritasuna % 13tik gorakoa da 2013ko irailetik. Geroztik, ez da gehiegi aldatu, eta 2014ko urrian, esaterako, % 13,1ekoa izan zen.
Tasa hori, familiei etxebizitza bat erosteko ematen zaien kredituak direnean, apalagoa den arren, zalantzagarritasuna dezentekoa da. 2014ko irailean, % 6koa izan zen; urruti geratu zen 2007ko ekaineko % 0,509 hura.
Familiek, etxebizitza erosteko eskatutako kredituei aurre egiteko ez ezik, zailtasunak dituzte etxebizitzak birgaitzeko eskatzen dituztenak ordaintzeko. Horrela, bada, 2014ko lehen hiruhilekoan, maileguen % 7,1 jo dira zalantzazkotzat. Izan ere, familiek etxebizitzak birgaitzeko eskatutako kredituetan bizirik dagoen 21.800 milioi euroko saldotik 1.500 milioi euro baino gehiago dira zalantzazkoak.
Ez da harritzekoa Europako maileguen zalantzagarritasun-tasak eta erreferentzia-tasak kontrako bideak hartu izana. Oraingo interes-tasa hain baxu hauek Europar Batasunera itzultzen ari den deflazio-uhinaren ondorio dira: prezioen bilakaera negatiboa da kontinenteko herrialde askotan eta euroaren kotizazioa ere hondoratu egin da.
Analistek ez dute aurreikusten interes-tasen joera nabarmen aldatuko denik epe laburrean; asko jota, datozen hilabeteotan beste jaitsieraren bat, eta urte amaieran apurtxo bat gora.
Espero dezagun erreferentzia-tasa nagusi horien jaitsieraren ondorioz, familia eta enpresentzako kredituak merketzea.
Informazio gehiago:
http://www.bde.es/bde/es/secciones/prensa/Agenda/Euribor_hipotec_cbac0d6d6215c41.html
http://www.ahe.es/bocms/sites/ahenew/estadisticas/indicadores-dudosidad/
http://www.laregion.es/articulo/euro/limite-euribor-tiende-cero/20150406122606535537.html