Analista batzuk beldur dira higiezinen burbuila ez ote datorren berriro. Higiezinen merkatua berotzen hasi dela besterik ez da izango agian, baina hobe argi ibili eta lapikoa sutatik kendu, irakiten hasi baino lehenago.
Edonola ere, gauza bat da krisi gogor batetik ateratzea eta, beste bat, duela gutxi etxebizitza-arloan izandako leherketa kontrol gabea berriro gertatzea.
Egia da datuek hala diotela, itxura batean behintzat amaitu dela baraualdi gorria, baina hortik eta oparoaldi jorira iritsi ote garen esatea… Ez da horrelakorik.
Berriki, BBVAk higiezinen arloan eginiko azterlan batek Euskadi adreiluaren susperraldiaren aitzinean ipintzen du, dagoeneko irabazi omen baitu 2013an iritsi zuen bolumenaren % 80. Eta, hala ere, ehunekotan, hazkundea esparru bakar batean ere ez da ez puntakoena ez nabarmenena.
Hortaz, badirudi hazkundea dezente egonkorra dela, erokeriarik gabe; alokairu-merkatuan izan ezik, han, kontuz ibili behar, eskaintza urria eta garestia baita.
Arriskua hortxe dago, jakina; baina harri berean bi bider estropezu egitea izango litzateke, garestiegi gizarterako eta ekonomiarako.
Badirudi, bai, etxebizitzen salneurrien igoera konstantea dela, baina oraindik ere krisi aurretik baino % 39 merkeago daude. Hipotekak ere biziago dabiltza, baina orduko kopuruetatik urrun oraindik (108.000 2006ko ekainean, eta 2017ko hil berean, berriz, 24.800). Salerosketak ere zenbaki positibotan dabiltzan, eta azken hamabi hilabeteetan milioi erdia jo dute ia; baina ez ahaztu 900.000 goitik ibili ginela 2005ean.
Euskadin, Eraikuntza-arloaren aurreikuspenak positiboak dira datozen urteetarako (ikus OVVren txostena: Http://www.garraioak.ejgv.euskadi.eus/r41-ovad03/es/contenidos/informacion/ovv_adm_sintesis16/es_ovv_admi/index.shtml).). Arloa dezente bizkortuko da eta salmentak poliki hobetu.
2016.a urte ona izan da euskal ekonomiaren errekuperaziorako. BPG % 3,1 hazi da, eta enplegua % 1,2.
Eraikuntza-arloan, Euskadi arnasa hartzen hasi da, eta, sei urtez behera egin ondoren, 2016ak % 1,6ko igoera ekarri du (2015ean baino hiru bider gehiago), eta, aldi berean, % 1,1 enplegu gehiago sortu du arloaren barruan. Obra-lizentzien kopurua, berriz, % 14,6 igo da.
Eraikuntzak, ordea, ez dio hazteari behingoz ekiten EAEn; eta, 2000tik, 2016an jo du behea etxebizitza berrien eraikuntzak.
Alokairu-prezioak, https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/es/artikuluak/crowdfunding-y-la-burbuja-del-alquiler/ blogeko artikuluan aurreratu genuen moduan, gorantz doaz indarrez, eta krisi aurreko mailara iritsiak dira.
Eta euskal hipotekak, berriz, ostera hazten ari dira (15.200 2016an), baina urruti daude oso, oraindik, krisi aurreko urteetatik, orduan urtean 40.000 sinatzen ziren-eta.
Ez ahaztu 2016an krisiak oraindik ere jende asko gogor kolpatuta daukala, Euskadiko jendarte asko orain ere haren eraginpean dela. Horra hor ondoriorik mingarrienak ere: hipoteka-exekuzioak eta kaleratzeak.
Hortaz, eta beti gertatzen den bezala, etxebizitzari buruzko gogoeta arranditsuak eta lezioak ez dira beti ez hitzez hitz ikastekoak ez hutsezinak. Edonola ere, akats berberak egiteko arriskua hortxe dago, denon subkontzientean.
Informazio gehiago:
http://www.publico.es/economia/inmobiliario-temor-burbuja-frena-normalizacion-mercado-vivienda.html
https://cincodias.elpais.com/cincodias/2017/08/01/midinero/1501601027_319597.html
https://elpais.com/economia/2017/03/24/actualidad/1490367506_170978.html