Joan den apirilean egin genuen Etxebizitzaren Behatokiko blogean Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko lege-proposamenaren aipamena, hau da, Hipoteka Lege berriarena. Ezer gutxi aldatu da geroztik, eta orduan bezala, azpimarratzekoa da hipotekei buruzko ordenamenduan ez dagoela oraindik ere bilduta etxea ordainean ematearen eskaria.
Lege berriaren babesean sinatuko diren hipoteketan, baina, izango da zenbait aldaketa:
- Gehienez ere, 30 urterako emango dira eta ezingo dute tasazioaren %80 baino gehiago gainditu.
- Hirugarren ordainketa-eza gertatu arte ezingo da hipoteka-betearazpenaren prozedura hasi.
- Berandutze-interesak mugatu egingo dira. Diruaren prezioaren hiru halako izango dira, gehienez ere (%12 dira gaur egun).
- Etxebizitza enkantean salduz gero, tasazio-balioaren %75ean salduko da, gutxienez. Enkantea esleitu gabe utziz gero (hori da gehienetan gertatzen dena), bankuak hartu ahal izango du enkante-balioaren %70 ordainduta (ez %60 orain arte legez).
- Enkantera atera eta lortutako diruarekin ez bada zorra kitatzen, hipotekadunak hura kitatzeko aukera izango du hurrengo 5 urteetan ordaintzeke dagoenaren gutxienez %65 ordaintzen badu, edota %85 10 urteetan.
- Betearazpenaren xede den higiezina saltzen badu bankuak esleitu eta hurrengo hamar urteen barruan eta gainbalioak lortzen badira, horien erdia kaltetuaren zorra gutxitzeko izango da.
Aldi baterako neurri sozialak ere biltzen dira Legean, esate baterako, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonak ez dira kaleratuko bi urtez. Horrelako kasuetan, Legeak galarazi egiten du jendea etxetik kanpora botatzea.
Betearazpen-prozeduraren aldaketa ere jasota dago Legean.
Horrela, neurrigabeko klausulak aurkituz gero kontratuetan, epaileak aukera du etxegabetzeko prozesua gelditzeko.
Horrez gain, Gobernuarentzako agindu bat ere badago jasota Legean, hipoteka mailegua ordaindu ezinda ohiko bizilekuetatik kaleratu eta etxerik gabe geratu direnei babeslekua emateko etxebizitzen funts sozial bat bultzatzeko agindua, hain zuzen ere. Funts horrek, teorian, kreditu-erakundeen eskuetan dagoen etxebizitza-parke zabal bat mugiarazi beharko luke.
Labur esanda, Lege berriak ez die jaramonik egin gizarteak egindako presio handiei, ez eta herri-ekimenari ere.
Horrekin lotuta, Mario Draghi, Europako Banku Zentralaren presidentearen ustetan, Legeak baditu beste hutsune garrantzitsu batzuk ere, hala nola, hipoteka-baldintzak berriz negoziatzeko araudia, betearazpenaren aurreko urrats gisa edota haren ordezko neurri gisa, Jardunbide Egokien Kodea baino haratago. Hau da, bankuetako jardun-protokoloa ezarri eta arautu egin beharko litzatekeela, kaltetutako pertsonen baldintza ekonomikoak eta sozialak kontuan hartuko dituena. Draghirena Irlandako eredua da, Espainiaren oso antzeko testuinguru batean etxegabetzeak bertan behera uztea lortu zuen eredua, alegia.
Argibide gehiago:
http://www.boe.es/boe/dias/2013/05/15/pdfs/BOE-A-2013-5073.pdf
http://cincodias.com/cincodias/2013/05/27/mercados/1369675054_934499.html
Iruzkinak itxita daude hemen.