Unidos Podemosek lege-proposamen bat erregistratu du, alokairuen prezioak mugatu eta alokairuak eskuratzeko aukerak hobetzeko. Beste neurri batzuen artean, 5 urteko kontratuak berreskuratzeko, “prezioak bereizi gabe” igotzea saihesteko edo 10 urteko iraupen babestuko kontratuak ezartzeko proposatu dute. Proposamen hau, alderdi askotan, bat dator aurretik PSOEk gai berean aurkeztu zuen beste batekin.
Halaber, iragan urtarrilean Hipotekek Eragindakoen Plataformak (PAH) legegintzako herri-ekimen bat eraman zuen Kongresura, nazio-mailan alokairuei mugak jartzeko lege bat sor dadin, eta Unidos Podemos taldea, Compromís, ERC, PdeCat eta EH Bildurekin batera, ekimen horretara batu zen. Halaber, Blog honetan ere aztertu genuen aipatu ekimena: https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/eu/artikuluak/pah-k-etxebizitzari-buruzko-legearen-proposomena-aurkeztu-du/
Legebiltzar-talde moreak, Bartzelona, Madril, Coruña, Zaragoza, Valentzia, Kordoba eta Kadizko udaletako etxebizitza-zinegotzien babesarekin, Hiri Errentamenduen Legea eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzeko proposatu du, erkidegoetako eta udaletako gobernuek aukera izan dezaten alokairuetako prezioan behin-behineko mugak jartzeko, gizarte-larrialdietako kasuetan.
Hiri Errentamenduen Legea aldatzeko, funtsean, honako proposamen hauek egin dira:
- Kontratuaren iraupena askatasunez hitzartu dezatela bi alderdiek, baina bost urtetik beherako iraupena adosten badute, urtero berritu dadila, bost urte bete arte.
- 10 urteko kontratu-mota berri bat ezar dadila, onurak eragingo baitizkie udalei eta erkidegoei.
- Kontratua iraungitzean, bost urteko gutxieneko epera heldu delako, kontratua urtero berritu dadila, gehienez bost urtera arte.
- Errenta eguneratu dadila, seigarren urtetik aurrera, bi alderdiek negoziatuta; hala ere, kasuan kasuko etxebizitza “tenkatutako etxebizitza-merkatuak dituen hirigune” batean aurkituz gero, KPIren portzentaje-aldakuntzaren arabera eguneratu dadila.
- Fidantzak ez dezala inoiz gainditu hileroko baten zenbatekoa (egoitza-erabilera ez duten etxebizitzen kasuan bi izango lirateke).
Eta, beharbada, honako hau da esanguratsuena: udalerriek, beren autonomia-erkidegoekin lankidetzan, gaitasuna izan dezatela alokairuen prezioak arautzeko, “tenkatutako merkatu-guneak” tartean direnean.
Kasu horiek zehazteko, bada, aurrez ezarritako adierazle batzuk baliatuko dira. Hala, adierazle horien bidez neurtuko da, esaterako, alokairu-eskari handia ote dagoen ase gabe, edo alokairu-errentak bertako familien errenta eskuragarria baino altuagoak ote diren.
Beraz, berriz ere ditugu jomugan alokairua eta bere prezio-igoera, eta, berriz ere dugu esku artean, etxebizitzaren gaineko eta, zehazki, Hiri Errentamenduen Legearen gaineko beste proposamen batzuk aztertu ditugun kasuetan adierazi dugun bezala, luze eta zabal eztabaidatu beharko litzatekeen proposamen bat.
Alokairuen prezioaren burbuilan gorantz goaz, eta Ekonomialarien Elkargoko burutzak ondo azaldu duen bezala, iskanbila berri batean sartzeko bidetik goaz, ondorio larriak eragin ditzakeelarik, baldin eta ez bagara gai, gizarte gisa, norabide hau aldatzeko (inklinazio-maila desberdinekin, gehiengo politikoen arabera), etxebizitzaren gainean politika serioak ezar daitezen atoan.
Egoera horri erantzuteko, epe laburrean, estatuak esku hartu beharko luke, eta, zehazki, baina ez soilik, Hiri Errentamenduen Legea eta haren 2013ko aldaketa birplanteatu.
Kongresuan berrezarri behar da, hain zuzen ere, norabidea, eta dagoeneko joera oso kezkagarriak dituen egoerari aurre egin.
Mahai-gainean ditugu eztabaidatu beharko liratekeen hainbat proposamen (batzuk hain dira beren artean hurbilak, ezen taldeok elkartu eta hitz egiteko gonbidapen bat baitirudite), irtenbideak behar dituzten gizarte-larrialdiak dauzkagu, eta benetan latza dena, badirudi egungo garai politikoak ez duela bat ere laguntzen politika egiteko orduan, letra larriz, hau da, arazoak konpondu eta irtenbideak bilatzeko orduan, pertsonen interes orokorraren alde.
Informazio gehiago
https://www.20minutos.es/noticia/3305462/0/podemos-proposicion-de-ley-frenar-alquileres-abusivos/