ALOKAIRUAREN BURBUILA ALA PREZIOEN GAINBEROKETA?

25/04/2018

Higiezinen krisiaren zartadaren eta diruak errentagarritasun apurrik izan ez duen aldi luzearen ondoren, Espainiako etxebizitzen prezioek errentagarritasun oso erakargarriak eskaintzen dizkiete berriro inbertitzaileei.

Etxebizitzan egon diren beherapenak alokairu-eskari handiarekin batera etorri dira; batez ere, lan-baldintza eskasen ondorioz eta etxebizitza-premia duten gizarte-talde zabalei kreditua murriztu zaielako.

Higiezinen webetako datuek –zerikusirik ez duten arren– erakusten dutenez, azken lau urteotan garestitu egin dira errentamendurako etxebizitzen prezioak; hala, Bartzelonan, % 48raino garestitu dira, eta, Madrilen, % 28raino.

Erosketa-eskaria alokairurantz mugitu izanaren ondorioz, bai eta eskariaren igoera erantsiaren ondorioz ere (bai egoitza-erabilerari dagokionez, bai alokairu turistikoaren leherketari dagokionez), % 10 baino askoz goragoko prezio-igoerak gertatu dira hiri handietako erdiguneko auzoetan; estatu-mailan, berriz, % 7tik gora igo da batez besteko prezioa azken urtean.

Etxebizitzak, bada, inbertsio-aktibo izateko baldintza berreskuratu du (higiezinen aurreko boomean eduki zuena), eta, merkatuko jokoarengatik, gainditu egin du erabilerako ondasun gisa duen balioa.

Gaur egun, norbanako zein erakunde inbertitzaileak eta nazioarteko plataformak are % 10etik gorako errentagarritasunak ere eskuratzen ari dira alokairurako etxebizitzak erostean; hiri askotan, adibidez, eremu horietatik kanporatzen ari dira aurreko maizterrak, sarri ezer gutxi egin baitezakete prezioen horrelako igoeraren aurrean, edota berrikuspenaren mendeko kontratuen epe laburraren (3 urte) aurrean.

Analista batzuk alokairuaren burbuila berritzat ari dira jotzen errenten igoera horiek; are, sektore horretan ari dira kontzentratzen, aurrekoaren ondorioz, ez ordaintzeagatiko etxegabetze gehienak.

Higiezinen sute berri baten aurrean gaude?

Sutearen balio birsortzailea babesten duten exegetak daude, merkatuaren defendatzaile amorratuak: itzaliko da, halaxe izan behar du; kausa naturalek itzaliko dute (kasu honetan, alokairuarengatik gehiago ordaindu ezin eta su-garrak oxigeno-gabeziak ez beste inork itzaltzen dituenean).

Ingurumen-interes handiagoa dutenak ere badaude. Suteak berez onak ez direla uste dute, babestu egin behar den interes orokorra dagoela, eta, nolanahi ere, piromanoen aurka borrokatu behar dela. Horrela, eta hondamendiak saiheste aldera, merkatua zuzendu behar dela diote, eta erregulazio eta esku-hartze publikoaren bidez egiten dela hori.

Valentín Pich Espainiako Ekonomialarien Kontseilu Nagusiko presidenteak berriki ohartarazi duenez, prezioek etxebizitzaren alokairuan egin duten gorakadak oso inpaktu negatiboa eduki dezake ekonomian oro har: “Edo benetan egingo da etxebizitza-politika, edo zalaparta sortuko da”.

Beste aditu batzuen ustez, ordez, alokairuaren burbuilatik urrun gaude oraindik; gainberoketa-fasean gaude. Halaxe baieztatzen du, adibidez, García Montalvo katedradunak, hozteko zaila izango den prezioen gainberoketan gaudela baitio.

Edonola ere, blog honek Hiriko Errentamenduei buruzko Legea aldatzeko lege-proposamen berriei buruzko artikuluen bidez informatu duen bezalaxe, https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/es/area-economica/analizamos-la-proposicion-de-ley-sobre-arrendamientos-urbanos-del-psoe/, Eusko Legebiltzarreko arku politiko zabal batek hartu du etxebizitzan (orain, alokairura eramanda) beste hondamenik ez jasateko lekukoa, eta prezioei eusteko nahiz maizterrak babesteko lege-proposamenak egin dituzte. Maizterrak babesteko proposamenetan, esaterako, errentamendu-kontratuen epea zabaltzea edo gehiegikeriak saihesteko bermeak berrezartzea daude.

Euskadin, etxebizitza-arloko politika serioak egin nahi ditugu (edo hori uste dugu, hasierako premisa ukatzen duten sektoreak ere baitaude).

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onartu du Etxebizitzarako 2018-2020ko Plan Gidari berria: http://www.garraioak.ejgv.euskadi.eus/r41-ovad01/es/contenidos/informacion/ovv_pdv_2018_2020/es_def/index.shtml, eta, bertan, alokairuaren aldeko apustua egiten da, zutabe nagusietako bat izan dadin:

Plana indarrean egongo den hiru urteetan, babes publikoko 6.350 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusi da; horien % 46,5 alokairu-araubidean (2.950 etxebizitza), eta % 53,5 salmenta-araubidean (3.400 etxebizitza). Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago jabetza-araubidean sustatzen diren etxebizitzek beren burua finantzatu beharko dutela; hau da, ez dute baliabide publikorik jasoko. Gainera, Planak xedetzat dauka bizitegi-lurzorua erostea, babes publikoko 2.000 etxebizitza berri eraikitzeko bertan.

EAEko alokairu babestuaren parkea areagotzeko asmoz, Plan Gidariak 7.200 etxebizitzatan zehaztu du alokairu-merkatuan bitartekotza-programen bidez bilduko diren etxebizitzen kopurua. Zehazki, Bizigune programak 6.400 etxebizitzatara iritsi beharko du Planaren helburuetan, eta ASAP programak (birformulatu ondoren) 800.

Bestalde, GAZTELAGUN programa abiaraztea aurreikusi du Planak. Horren bidez, alokairu-araubideko etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko sarbidea erraztu nahi zaie euskal gazteei, eta xedetzat dauka gazteei 4.500 laguntza zuzen esleitzea, indarraldian egon bitartean.

Beste alde batetik, adierazi beharra dago Planaren helburuen artean dagoela alokairu-araubidean dauden babes publikoko etxebizitzen parkea 22.000 unitatekoa izatea. Hala egiten bada, etxebizitza babestuen guztizko parkearen herena izango dira alokairu-araubidekoak.

Alabaina, politika neketsu eta luzeak dira horiek. Jarraitutasuna eta pertseberantzia behar dituzte, merkatuari eragingo dioten inpaktu sozial eta ekonomikoak lortu nahi badira; merkatua baretu nahi bada.

Bien bitartean, suak ezkutuan bezala jarraitzen du mehatxu izaten.

Estatuko eskumenei dagokie arriskuen aurrean epe laburrerako erantzun-esparru nagusia gidatzea; eta, zehazki, baina ez horiei bakarrik, Hiriko Errentamenduei buruzko Legeari eta 2013ko aldaketari dagokie lan hori egitea.

Kongresuan berrezarri behar da norabidea; hor egin behar zaio aurre dagoeneko deriba kezkagarriak erakusten ari den egoerari.

Eztabaidatu beharko liratekeen proposamenak daude mahai gainean, bai eta irtenbideak topatzea eskatzen duten gizarte-premiak ere. Eta hauxe da txarrena: badirudi gaur egungo garai politikoak ez duela batere laguntzen benetako politika egiteko orduan, baina benetako politikak bakarrik konpontzen ditu arazoak; horrek bakarrik bilatzen ditu pertsonentzako irtenbideak, interes orokorraren defentsan.

Oraindik egin daiteke, ordea.

 Informazio gehiago

 http://www.expansion.com/economia/2018/02/21/5a8c8c78e5fdea061c8b4688.html

http://www.garraioak.ejgv.euskadi.eus/r41-ovad01/es/contenidos/informacion/ovv_pdv_2018_2020/es_def/index.shtml

 

 

 


Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.