Alemaniako ekonomiak hamargarren urtez jarraitzen du hazkundearen bidean 2019an, nahiz eta desazelerazio-sintomak eta akidura sumatzen zaizkion dagoeneko. Honako hau da 1966. urtetik izandako garapen-eperik luzeena. Eta benetan positiboak diren zenbait indize eragin ditu: % 5etik beherako langabezia, 350.000 lanpostu berri baino gehiago eta 45,2 milioi landun baino gehiago.
Lortzen oso zaila den sendotasun ekonomikoa. Hala ere, desorekak gero eta agerikoagoak dira, eta etxebizitza eskuragarrien garestitzea eta eskasia dira horren adierazle argia.
Berlin da horren adibide. Hain zuzen ere, betidanik izan da Berlin bera alokairu-politika berritzaileak eta errentak mugatzeko programak bilatzen erreferente (ikus blogean argitaratutako artikulu hau: https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/eu/blog/alokairu-errenten-prezioa-mugatu-behar-du-administrazioak-berlingo-kasua/).
Biztanleriaren % 86 errentan bizi den hiri batean, kezka handia da, eta, desoreka sozial horren ondorioz, zalantzan jarri da garapen ekonomikoa.
Ikus dezagun zer eboluzio izan duen: Berlin, duela hamar urte, etxebizitza izateko hiri paregabea zen; erostea edo alokatzea merkea zen, Europako beste hiriburu batzuekin alderatuta. Dena den, 90eko hamarkadako azken urteetan 200.000 etxebizitza publiko baino gehiago pribatizatu izanak eta Alemaniako hiriburuan ematen den etengabeko immigrazioak inoiz ez bezalako tentsioa eragin du higiezinen merkatuan.
Azken bost urteetan, 250.000 pertsonatan hazi da Berlingo biztanleria, eta ez da aldaketarik antzematen hirira iristen den jende kopuruan. Gaur egun, uste da 77.000 etxebizitzako defizita dagoela, eta, hamar urteko epean, 200.000 etxebizitza inguru beharko direla. Hau da, tamaina ertaineko edozein hirik duen etxebizitza kopurua baino gehiago. Bilbon, esaterako, 162.000 etxebizitza inguru daude.
2015eko ekainaren 1ean, Alemanian, indarrean jarri zen Mietpreisbremse edo «alokairu-prezioa geldiarazteko» legea, eta, horri esker, Kode Zibileko zenbait artikulu aldatu zituzten, higiezinen merkatua «tentsio egoeran» zen lekuetan sinatutako kontratu berrietan alokairuaren prezioa mugatzeko. 2014ko urriaren 1aren ondoren alokairuan lehendabizikoz jarritako eraikin berriko etxebizitzak eta birgaitutako etxebizitzak araudi horretatik kanpo geratu ziren.
Hain zuzen ere, legearen zirrikitu hori baliatuta, jabeen % 75ek baimendutako mugako prezioa baino prezio askoz altuagoak jarri zituzten. Tarte horiek hain ziren handiak, non baitzirudien egitura hautsiko zela.
Hori dela eta, Alemaniako Gobernuak irmo jokatu eta lege berri bat onartu zuen, denbora errekorrean. Labur esanda, birgaitutako etxebizitzetako alokairu igoerak kontrolatzea zuen helburu legeak eta maizterrei euren aurreko maizterrek ordaintzen zuten errenta ezagutarazi beharra bezalako neurriak aurreikusten zituen, baita 100.000 euro arteko isunak ere.
Neurriak neurri, baina, tentsio goreneko egoera bizi dute egun berlindarrek. Eta hilabete honetan egin den alokairuen inguruko manifestazioak agerian utzi du hori.
Horren guztiaren ondorioz, hiria banatuta dago; batzuek pribatizatutako etxeak berriz erosi nahi dizkiete egun horien jabe diren enpresa handiei (alokairuko 200.000 etxebizitza baino gehiago dituzte), hau da, konpentsazio baten truke etxeok berriro sozializatu nahi dituzte, Berlingo administrazioak kudea ditzan berriz. Beste batzuek, ordea, ez dute begi onez ikusten merkatuan esku hartzea, beraien ustez, pribatua izan behar du eta.
Etxebizitzok erosteko, hiriko diru-kutxak 33.000 milioi euro baino gehiagoko gastua egin beharko luke.
Ez dirudi hori epe laburrean gertatuko denik, baina, aldiz, bada askoz egingarriagoa dirudien zerbait: desjabetzeen alde daudenak gai izatea desjabetzeen inguruko erreferendum bat egin dadin proposatzeko, «lurzoruaren eta lurraren sozializazioaren» aldeko sinadurak bilduta. Horretarako, proposamena aurkezteko 20.000 sinadura bildu beharko lituzkete; proposamena aurkeztea lortuz gero, ostean 4 hilabete izango lituzkete 175.000 sinadura lortu –hau da, boto-eskubidea duen berlindarren % 7– eta erreferenduma egitea lortzeko.
Baldin eta boto-eskubidea duten berlindarren % 25ek erreferendumean parte hartuko balute eta parte-hartzaileen erdiak proposamena onartuko balute, onartutako proposamenak Berlingo Parlamentuaren gehiengoz hartutako erabaki baten pareko balioa izango luke.
Berlingo errentak mugatzearen esperimentuak ez ditu eman espero ziren emaitzak, beste garai batean izan zuten prezio eskuragarrietako etxebizitzen eskaintza indartsu bat falta delako. Asmo onek ez dute eman biztanleen gehiengoarentzako emaitza egokirik. Administrazioaren jabetzako etxebizitzak hain prezio txikietan masiboki saltzeak ezin zuen emaitza onik eman.
Orain irmo jokatu beharra beste aukerarik ez dago. Hori bai, Europa osoan eta, bereziki, hirietan etxebizitza bat lortzeko arazo larriak gizartearen erreakzioak eragin ditu dagoeneko. Herritarren ekimen bat sortu da, «Housing for all» izenekoa (Etxebizitzak guztiontzat). Europar Batasunak kontuan har dezan, 1.000.000 sinadura behar dituzte. Europa, berriro ere, bidegurutzean da: posible al da merkatu hutsetik harago doan irtenbide sozial bat hartzea?
Informazio gehiago
http://www.expansion.com/economia/2019/01/30/5c518bc046163fab9d8b45aa.html
https://www.housingforall.eu/es/la-vivienda-debe-ser-social-y-asequible/