Azken hilabeteotan, asko hitz egin da HMISAK Higiezinen Merkatuetan Inbertitzeko Sozietate Anonimo Kotizatuei buruz, higiezinen sektorea biziberritzeko mekanismo gisa; baina gaian sartuta ez daudenentzat termino arrotza da, bai alderdi ekonomiko estutik begiratuta, bai Estatuak duela bost urte onespena eman zionetik ez duelako, antza denez, arrakasta handirik izan. Izan ere, aurreko araudiaren sostenguarekin ez zen bat ere HMISAKik sortu; aitzitik, 2013ko araudi berriarekin (Etxebizitzak alokatzeko merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriei buruzko 4/2013 Legean jasoa) perretxikoak bezala ugaritzen ari dira.
HMISAK Higiezinen Merkatuetan Inbertitzeko Sozietate Anonimo Kotizatuen helburu nagusia da hiri-ondasun higiezinak eskuratzea, sustatzea eta birgaitzea, gero errentan jartzeko, bai zuzenean edo beste HMISAK batzuen kapitaleko partizipazioen bitartez. Merkatu antolatuetan kotizatzen dute (Ordezko Burtsa Merkatua), eta horrek likidezia ematen die inbertsiogileei eta, gainera, aukera ematen du ondasun higiezinetako inbertsio sozietateek eta, batez ere, funtsek aurrez bizi izandako trabak gainditzeko, zeinek hizpide ugari eman baitzituzten hedabideetan (Banik eta abar).
Beren higiezinen zorroan %80k, gutxienez, erretan jarria behar dute izan. Etxebizitzak edo saltokiak izan daitezke, edo nabeak, bulegoak edo garaje-plazak (Estatu barrukoak zein kanpokoak), eta hiru urtez, gutxienez, egon behar dute sozietateen zorroan.
Baldintza garrantzitsu bat da enpresaren diru-iturrien %80 errentatik etortzea eta, era berean, etekinen %80 dibidendu moduan banatzea era sistematikoan, horrek inbertsiogilearen errentagarritasuna ahalik eta erarik zuzenean pizten baitu.
Hobari fiskal handiak dituzte, zeren eta Sozietateen Zergatik salbuetsita baitaude eta karga bereziak eta hobariak gozatzen baitituzte Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Zergan (ikus zerga-agentziaren esteka).
Zerga Agentziaren beraren azken datuen arabera, 2013. urtean eta araudi fiskal horretan izena emateko hiru hileko epea amaitu baino lehen 13 entitatek jakinarazi dute beren interesa araudi horretara atxikitzeko.
Gogora dezagun ohiko sozietate anonimo bat HMISAK ere bilaka daitekeela, era arin batez aukera horretaz baliaturik.
Gaur egun ez dakigu zehatz-mehatz zenbatek eman duen izena Balore Merkatuko Batzorde Nazionalean, baina jakitun gara “Entrecampos Cuatro” eta “Lar España”, besteak beste, erregistratuta daudela.
Alabaina, ez da oharkabean pasa –batez ere, ondasun handiak dituztenentzat eta beraien familia-ondasunei begira– zer nolako onura handiak ekar ditzakeen bertako inbertsioak, aplikagarria den araudi fiskalaren kariaz.
Izan ere, lortzen diren errentak fase honetan ez daude zergen mendean (gardentasun-erregimen bat aplikatzen da; hortaz, pertsona fisiko edo juridikoak dira azkenean ordainduko dutenak, aplikatzekoa den errentaren gaineko zergetan dituzten errenten eta mozkinen arabera).
Oso araudi interesgarria da (Europako eta Ameriketako EITen parekoen ildokoa), errentagarritasun handiena ahalik eta kostu fiskal txikienarekin bilatzen duten ondasun handientzat enpresa-mota hau inbertsio-bide erakargarria bihur dezakeena.
Testuinguru berean legoke Amancio Ortega enpresari galiziar ezaguna, zeinak, FCCri Picasso Dorrea 400 milioian erosi ondoren, egokiera ezin hobean baitago HMISAK bat sortzeko eta kudeatzeko.
Edonola ere, badirudi higiezinen sektorea berriz ere inbertsioak bereganatzeko moduan dagoela, ez bakarrik ondasun handien aldetik, baizik eta aurreztaile txiki eta ertainen aldetik, zeinentzat HMISAKak produktu oso interesgarriak baitira, beraien errentagarritasun, arrisku eta likidezia motibazioetara bereziki egokituak.
Hori dela eta, inbertsioen orientazioa izango da alokairuko etxebizitzak sustatzea eta mugitzea. Hori berritasuna da Estatuko eta, bereziki, Euskadiko alokairuko etxebizitzen merkatuan, sektore hori txikia eta gutxi profesionalizatua baita gurean.
Informazio gehiago: