Hipoteka bat kontratatzeko Espainiako Bankuak egiten dituen gomendioen arabera, banketxeen eskaintza ezberdinak alderatzea, baldintzei buruzko informazio egiazkoa eta epe ertainera norberak duen ordaintzeko ahalmena dira elementu garrantzitsu eta oinarrizkoenak ezustekorik ez izateko gerora.
Gerta daiteke, hala ere, sinatutako hipoteka-maileguaren baldintzak berriz negoziatzera behartuta egotea, batez ere ordaindu ezin izatera iritsi aurretik.
Aurrea hartzea da modurik onena etorkizunean arazoak gutxitzeko. Zorra beste era batera ordaintzeko negoziatzea eta borondatezko akordioak lortzea da buruhausteak ekiditeko modurik onena.
Izan ere, ordaindu gabeko hirugarren kuotatik aurrera, banketxeak hipoteka-betearazpeneko prozedura eska dezake. Garrantzitsua da, beraz, prebentzio-neurriak hartzea eta denbora alferrik ez galtzea.
Alde biei interesatzen zaien gaia da zorra berriro finantzatzea, baina ez dago prozedura erkide eta estandarra banku-erakundeen artean, ekonomia- eta familia-egoerak ere homogeneoak ez diren bezala. Bideragarritasunaren oinarrian egongo da helburu errealistak lortzea epe motzean, eta familiei egoera gainditzen lagunduko diotenak.
Horretarako, badago Jardunbide Egokien Kodea, banketxeek egoera zehatzetan aplikatu behar dutena (ez da orotarikoa). Ikusi artikulua blog honetan: http://viviendaeuskadi.blog.euskadi.net/2014/08/04/24-000-solicitudes-para-reestructurar-las-deudas-hipotecarias/.
Herritar batek programa horri atxikitzeko aukera badu, Espainiako Bankuak dioen moduan, litekeena da eskaera egin eta hilabetera lortzea amortizatzeko gabealdia, amortizatzeko epea luzatzea, interes-tasa murriztea, zorrak bateratzea, eta abar.
Jardunbide Egokien Kodean finkatutako atalaseetatik kanpo baldin badago bezeroa, banketxeak jarrera desberdinak har ditzake, kasuaren bideragarritasuna aztertuta. Ez dago jarduteko aldebakarreko jarraibiderik, baina behin kasua aztertuta, ematen duten lehenengo urratsa ordainketak atzeratzeko eskaintza izaten da, eta gero, hipoteka berritzea, hau da, kontratuaren baldintzak aldatzea aplikatutako interes-tasari dagokionean, emandako kopurua handitzea edo amortizazio-epea aldatzea.
Banketxeekin egindako negoziazioek emaitza positiborik izan ez badute, aukera dago zorrarekiko kitaz baliatzeko (Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Dekretua, Baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzkoa). Hipotekadunaren ekonomia- eta finantza-egoera kontuan hartuta berregituratze-plana bideragarria ez den kasuetarako da. “Amortizatu gabe duten kapitalaren zati bat kentzeko eskatu ahal izango dute, eta banku-erakundeak hilabete izango du aukera hori onartu edo baztertzeko”.
Higiezina ordainean emateko aukera ere badago, salbuespenez. Izan ere, banketxeek ez dute zertan onartu, egoera oso jakin batzuetan izan ezik.
Nolanahi ere, hasieran aipatu ditugun Espainiako Bankuaren gomendioak adierazgarriak dira: alderaketa, informazioa eta ordaintzeko ahalmena aztertzea. Baina batez ere, epe laburrean ordaindu ezin izatearen egoerei aurrea hartzea.
Informazio gehiago:
http://www.bde.es/bde/es/secciones/informes/Folletos/guia_de_acceso_a/
http://economia.elpais.com/economia/2015/11/10/actualidad/1447154323_981127.html