Diru gehien dutenek euroguneko krisia konpontzen lagun dezatela proposatu dute Alemaniako ekonomilariek. Aberatsak zor publikoa erostera behartzearen alde agertu dira, edota, alternatiba moduan, dirutza handiak zergapetuko duen aldi baterako zerga ezartzearen alde.
Horrela baieztatu du Berlingo Ekonomia Ikasketen Institutu Alemanak, aberatsenek Euroguneak duen zorraren erantzule bihur daitezen proposatu baitu, baterako ondarearen %40 emanez ordainetan.
Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariak jaso duen bezala, Wolfrang Schäuble finantzetako ministro federalak berak ez omen luke gaizki ikusiko aberatsenen lepo krisiari irtenbidea emateko aukera ezberdinak aztertzeari ekitea.
Beste ahots batzuk ere entzun dira, ondare handiak administratzen dituen Alemaniako elkarte garrantzitsuenetako arduradun batenak esaterako. Haren ustetan, euroaren krisia ez omen da zorraren krisia zentzu hertsian, denen kontura ongizatea gutxi batzuei eskualdatzea baizik.
Begi bistakoa denez, gutxi horiek dira aberatsenen pertzentileko %1, azken urteotako finantza eta higiezinen boomak sorrarazitako aberastasunaren tarta-zati izugarri handia eskuratu dutenena, alegia. Aipatutako boom horrek finantza-merkatuen liberalizazioa eta desarautzea izan zituen oinarrian, 2007ko amaieran hasi zen lehertzen eta eztandaren ondorioak orain ari gara gordinki jasaten gainerako pertzentilak.
Edozein modutan, denok dakigu oso zaila dela aberatsak Estatuko zorra erostera derrigortzea edota haien ondasunak aparteko zergekin zergapetzea, aplikatzeko neurri zailak dira, beti mehatxu-jarrerak eragiten dituztenak eta ustekabeko ondorioak dakartzatenak.
Horrela bada, Hamburgeko Ekonomia Ikasketen Institutuko zuzendari Straubharren ustez, hobe litzateke zerga-bilketa optimizatzea, diru-filtrazioak kontrolatu eta zerga-sistema progresiboa ezartzen joatea, gehien dutenei presionatzen joateko.
Hau da, gaur egun hartzen ari diren neurriekin inolako antzik ez duten proposamenak.
Informazio gehiagorako: