2015ean munduko aberastasuna % 3 jaitsi da eta ultra aberatsen kopurua (ohiko etxebizitzaz gain 30 milioi dolarretik gorako ondarea dutenek) gutxitu egin da, hamar urtean lehen aldiz. Gehien bat aktiboen balio-galerak eragin du hori.
Hori dela-eta, fortuna handiek (eta, ikusiko dugunez, baita horren handiak ez direnek ere) higiezinen sektorera jo dute berriro ere, eta munduko burtsen eta historikoki errentagarritasun txikia izan duten bonoen aldakortasunak arrazoia eman diete. Izan ere, zor publikoaren urteko interesa % 1,7koa baino ez da, eta gordailuena % 0,5ekoa.
Madrilek eta Bartzelonak erakarri dituzte inbertitzaile gehien. Gainera, estimazioen arabera, Espainiako hiriburuan 467 ultra aberats bizi dira, iaz baino % 14 gutxiago, eta Kataluniako hiriburuan 227, aurreko urtean baino % 48 gutxiago.
Etxebizitza balio segurua da berriz ere inbertitzaileentzat. Hori ere hala da «hala-holako» brokerrentzat, hau da, burtsan aritzeko aukerarik izan ez arren beraien aurrezkiak etxebizitzan inberti ditzaketenentzat.
Espainiako Bankuaren arabera, % 9,1ekoa da pisuen batez besteko etekin gordina (eremu askotan % 10etik gorakoa da honezkero). Zifra horren barruan daude inbertitzaileak pisua alokatuta urtean irabaziko lukeena eta saldu nahiko balu irabaziko lukeena. Hala ere, ez ditu gastuak kentzen eta ez da kasu errealetan oinarritzen (batez besteko etxebizitza).
Beste ikerketa batzuek diotenez, batez besteko errentagarritasun gordina % 6,4koa da, eta garbia % 5,2koa, hau da, zor publikoaren hirukoitza.
Euskadik, zentzu horretan, ez du errentagarritasun gordinik altuena eskaintzen. Izan ere, % 5,7koa da tasa hori gurean, beste autonomia-erkidego batzuetan batez bestekoa aise gainditzen dutenean (% 7,92 Madrilen, % 7,11 Extremaduran).
Positiboa da ere errentamenduaren urteko errentagarritasun gordina (% 9,1). Hori dela-eta, aurreikustekoa da etxebizitza hutsen portzentaje handi bat alokairuaren merkatu askera sartzea (% 18 Andaluzian edo % 17 Valentzian). Bestalde, txanponaren beste aldean, aspaldian ezaguna dugun fenomenoa itzul liteke: baliteke alokairuen prezioa igotzea epe motzean.
2015ean azken urteotako lehen aldaketa handia gertatu zen: urteko alokairuko etxebizitzaren prezioa igo egin zen autonomia-erkidego guztietan, Euskadin izan ezik. Igoera horiek Kataluniako % 10,7tik Gaztela-Mantxako % 0,3ra bitartekoak dira.
Bartzelona hirian alokairuko pisuen prezioa % 6,6 igo da azken urtean, eta batez besteko hileko errenta 727 eurotik igo da.
Hori dela-eta, fortuna handiak eta inbertitzaile txikiak inbertsio-balio segurua ikusten ari dira etxebizitzan, baina iraganean ikusi dugunez ez da horren balio segurua eta badakigu zer ondorio izan ditzakeen urrats berdinak berriz emateak.
Informazio gehiago:
http://cincodias.com/cincodias/2016/03/01/economia/1456852572_969002.html
http://www.expansion.com/economia/2016/02/18/56c63485268e3e3f2c8b4592.html