BANKU-BERANKORTASUNA (I)

10/12/2013

Espainiako Bankuaren 2013ko azaroko Estatistika Buletinak jakinarazi duenez, bankuek, kutxek, kreditu-kooperatibek eta kreditu-establezimenduek partikularrei eta enpresei emandako kredituen berankortasuna % 12,67ra igo da irailean, eta hori errekor berri bat da Espainiako Bankua datu horiek biltzen hasi zenetik.

Berankortasuna duten kredituen kopuru osoa 187.830 milioi eurokoa izan da, eta banku-erreskatearen aurreko mailen inguruan dirau. Banku-berankortasunak beherantz egin zuen 2012ko abenduan eta 2013ko otsailean, arazoak zituzten bankuetatik  Sareb-era (bankuen berregituratzetik eratorritako aktiboen kudeaketa-sozietatea) egindako aktiboen traspasoaren kontularitza-ondorioengatik, traspaso hori bi fase desberdinetan egin baitzen. Kaltetutako aktiboengatik banku-sistemak Sareb-era egindako transferentzia horiek ia 80.000 milioi eurokoak izan dira.

Eragin hori gaindituta, berankortasunak goranzko bideari ekin dio berriro, eta zazpi hazkunde izan ditu segidan aurtengo otsailetik. Urte-amaierari begira, adituek ohartarazten dute berankortasun-tasak gorantz jarraituko duela, % 13a gainditu arte.

Espainiako Bankuak argitaratutako datuen arabera, familiei eta enpresei emandako banku-kreditua 1,48 bilioi eurora iritsi zen 2013ko irailean. Kopuru hori 390.000 milioi euro txikiagoa da orain arte izandako gehienezko kopurua baino; 2008. urtearen amaierako 1,87 bilioi euroak baino, hain zuzen ere.

Zenbaki horien arabera, kreditu-erakundeek enpresekin eta familiekin duten kreditu biziaren beherakada ia BPGaren % 40koa izan da, eta kopuru hori Europako Batzordearen iritziz enpresek eta familiek izandako zor-murrizketaren bikoitza da ia.

Horrela, bada, Europako Batzordeak ohartarazi du familiak eta enpresak oso erritmo motelean ari direla ateratzen finantza-geldialditik.  Zehazkiago, familiek 75.000 milioi euro baino ez dituzte murriztu zorrak (BPGaren % 7,5), gehienezko kopuruetatik, eta enpresek 140.000 milioi inguru (BPGaren % 14).

Hau da, familien eta enpresen artean 215.000 milioi euro inguru baino ez dute murriztu beraien zor osoa (BPGaren % 21,5). Horrela, familiek BPGaren % 80ko zor globala izaten jarraitzen dute, eta enpresek % 130koa (konparazio baterako, Espainiako administrazio publiko guztien zorra BPGaren % 100era gerturatzen ari da 2013. urtean, krisiaren hasieran ratioak nahiko baxuak ziren arren.

Beraz, asimetria nabaria dago, eta horrek zaildu egiten du Espainiako ekonomia finantza-geldialditik benetan zein gradutan ateratzen ari den jakitea. Enpresek eta familiek zortzat aitortzen dituzten zenbatekoek banku-sistemak kreditutzat aitortutakoak baino askoz ere handiagoak izaten jarraitzen dute.

Eta asimetria hori desoreka makroekonomiko handi baten isla izan liteke, zeina Europar Batasunak konpondu nahi baitu behingoz: pertsonen eta sozietateen porrotei eta kaudimen gabeziei buruzko prozeduretan dauden gabeziak; izan ere, gabezia horiek sektore pribatua (familiak eta enpresak) finantza-geldialditik ateratzeko prozesua eragozten ari dira.

Amerikarrek modu naif samarrean izendatzen dituzte ordainketan atzeratzen diren zenbait zordun: “honest but unfortunate debtor” (zordun zintzoa baina zoritxarrekoa). Legegileak babes handia ematen die, eta ez die ordaintzaile berankor profesionalari ematen dion tratu bera ematen.

Espainiako legegilea nabarmenki nahasiagoa eta zalantzatiagoa da. Larrialdi-egoeren arabera jokatzen du, ia beti, gai horren inguruan.

Horren adibideetako bat da 14/2013 Legea, irailaren 27koa, Ekintzaileei eta Haien Nazioartekotzeari Laguntzekoa, zeinetan itxaropen handiak jarrita baitzeuden bigarren aukerako araubidearen azterketari dagokionez (ordainketei buruzko judizioz kanpoko akordioa) pertsona fisiko kaudimengabeen kasuan.

Ez da berritasun handirik bereizten hipotekak ez ordaintzearen ondorioz familiek nozitutako gehiegizko zorpetzeari dagokionez. Hipoteka-zordunaren etxebizitza kargatzen duen hipoteka-betearazpenak geldiarazi gabe jarraitzen du. Alabaina, erantzukizun mugatuko enpresaburu-ekintzailea bada, beraren ohiko etxebizitza hartzekodunen helmenetik kanpo geratzen da, funtsezko ondasuntzat jotzen delako, betiere beraren enpresa-jardueraren parte ez bada.

Beraz, fede oneko familientzat benetako bigarren aukerarik izan gabe jarraitzen dugu.

Iruzkinak itxita daude hemen.


Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.