Krisiaren ondorio ugarietako bat, a priori gainera asko espero ez genuena, baina gero eta nabarmenagoa egiten ari dena, autonomia-erkidegoen artean irekitzen ari den gero eta arrakala zabalagoa dugu.
XX. mendearen azken urteetan hasitako konbergentziarako joera hura eten egin da, eta orain Euskal Autonomia Erkidegoaren, (errentarik altuena duen erkidegoaren) eta Extremaduraren (beste muturrekoaren) arteko aldea gaindiezina da epe motz eta ertainean.
Horrela, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleko barne produktu gordina (BPG) 31.288 eurokoa den bitartean, Extremadurako batena ez da 16.150 eurotara iristen; erdia inguru. Urkila hori 2003z geroztik handiena da.
Baina azpimarratu beharra dago, halaber, horrek ez duela esan nahi derrigor aberastasunak behera egin duenik, zeren eta gerta liteke lurralde batean errenta bizkorrago haztea, eta hortaz, aldea handitzea, baina ez bestearen pobrezia-maila.
Bestetik, zenbait analistaren aburuz, biztanleko BPGari erreparatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa lurralderik aberatsenak izateak erlazio zuzena dauka erkidego horiek adreiluaren krisiaren ondorioak hainbeste nozitu ez dituen ekoizpen-sistema bat izatearekin; baina baita ere, eta oso erlazio estua gainera, demografiaren bilakaerarekin.
Bi erkidego horietan, azken hamarkadan, estatuko batez bestekoa baino askoz ere gutxiago hazi da biztanleria: % 4; eta Espainiako gainerakoetan, % 16tik gora.
Lurraldeen arteko orekan eta autonomien finantzaketan bakoitzak duen posizioaren haritik, beste eztabaida bat sortzen da, biziki garrantzitsua, diru-bilketa vs baliabideen finantzaketa ekuazioan okerren zein autonomia-erkidego ateratzen den argitzen saiatzen dena.
Izan ere, Katalunia, Madril edo Balear Irlak oso autonomia erkidego solidario gisa agertzen dira beti, funts komunera egiten duten ekarpena kontuan hartuta; baina beren gastu eta inbertsioetarako jasotzen duten finantzaketari begiratuz gero, besteek baino askoz gehiago jasotzen dute, nabarmen gainera.
Kataluniak bakarrik, 16.500 milioi eurotik gorako defizit fiskala omen du.
Eta karga eta onura arteko erlazioa aztertzeko metodoa zientifikoa ez den arren, –eta hortaz, ez eta % 100 objektiboa ere–, aukera ematen dio Kataluniako Generalitateari bere Ogasun propioaren ernamuina sortzeko nahia azaleratzeko.
Garbi dago autonomia erkidegoen finantzaketa-sistemak, 2009an aldatu zenak, ez duela asko hobetu ekitate horizontala, eta ez duela lortu 2001ko ereduaren disfuntzionaltasunak zuzentzea.
Teorian, autonomia erkidego guztiek gai izan beharko lukete maila bertsuko oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko, aldi berean antzeko ahalegin fiskala eskatuta.
Informazio gehiago:
http://www.cincodias.com/articulo/economia/desigualdad-territorial-crece/20120913cdscdieco_1/
http://ccaa.elpais.com/ccaa/2012/09/19/catalunya/1348046517_050171.html