Iraila inflexio-puntu bat izan ohi da gure bizitzetan: oporrak bukatu dira (hartu dutenentzat behintzat), haurrek eskolara joan behar dute, eta gainean ditugu eguneroko kezkak.
Horien artean, euriborra eta hipoteka-gastuak.
Egia esan, irailarekin batera joera-aldaketa erakutsi du euriborrak, eta horrek ez dio batere mesederik egiten, etorkizun hurbilean, etxebizitza-hipoteka duten familien poltsikoei.
Europako Banku Zentrala eta finantza-analista batzuk aspaldi ari ziren abisatzen hipoteka-erreferentzia nagusi denaren joera-aldaketaz, eta horrek, baia ala bai, euriborrak gora egingo zuela iragartzen zuen, inongo zalantzarik gabe. Arlo horretan EBZk agintzen du.
Areago, aztertzen ari da ea nola bideratu finantza-errealitatetik “hurbilago” legokokeen euribor bat (blog honek eman zigun horren berri: https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/es/blog/el-nuevo-euribor-o-como-evitar-las-trampas-al-solitario/), bankuarteko eragiketak gardenagoak egingo lituzkeena eta gordailu bihurgarriekin entitateek beren artean tranpak bakar-jokoan egitea saihestuko lukeena. Lanean jarraitzen dute erreferente berri horretan, eta esaten dute probaldien ostean ezarriko dela.
Alde batera utzita euribor berria ezartzeko lanak, gaur egungo euriborra, dagoen bezala konfiguratuta, hasia da joera aldatzen; hala, 2019an zifra positiboak lortuko ditu, gainditu egingo baititu azken garaiotan EBZren diru-politika espansiboa dela-eta izandako tipo negatiboak.
Hala da, beheraldia bukatzen ari da, eta euriborrak gorako bidea hasi du. Horrek negatiboki eragingo die hipotekatuta dauden familiei.
Eta nahiz eta joera berri horrek ez dion epe motzean asko eragingo hileroko gastuari, garrantzitsuena da joera-aldaketa, eta nola eragingo dien horrek interes-tipo aldakorreko etxebizitza-hipotekak dituzten familiei.
2018an bakarrik, EAEn 1.400 hipoteka baino gehiago erregistratu dira, 194.000 euroko batazbesteko hipotekarekin. Eta 2017an, 16.000 etxebizitza-mailegu baino gehiago izenpetu ziren.
Espainiako Estatistika Institutuak argitaratzen duen Familia Etxeei buruzko Etengabeko Inkestaren arabera, EAEn 247.000 familiari falta zaie ordainketaren zati bat, hau da, etxebizitzaren jabe diren familien % 50i.
Gorako mugimendu orok, txikia izanda ere, eragina izan dezake familien oreka ekonomiko eta finantzario hauskorrean, batez ere batzuenean, jakina; beraz, hemendik aurrera arreta handiz aztertu behar da euriborraren bilakaera.
Interes-tipo finkoak desagertu egin ziren bere garaian, oso garestiak baitziren beheranzko koiunturetan sartutako interes-tipo aldakorren aldean; gaur egun, ordea, indarrez itzuli dira hipoteka-merkatura: 3 mailegu berritik 1 interes-tipo finkoarekin izenpetzen da.
Berriro dugu bueltan familientzako interes-arriskuaren eztabaida: zer egin, tipo finkoen alde, ala aldakorren alde. Eta hori guztia denbora-tarte luzerako perspektiban.
Informazio gehiago:
https://cincodias.elpais.com/cincodias/2018/09/07/midinero/1536348957_138145.html
https://www.diariovasco.com/economia/hipotecas-euribor-20180806001038-ntvo.html
https://www.ine.es/daco/daco42/daco426/h0618.pdf
https://cincodias.elpais.com/cincodias/2017/04/05/midinero/1491389526_322225.html
https://www.ine.es/jaxi/Datos.htm?path=/t20/p274/serie/prov/p02/l0/&file=02009.px