Aurtengo martxoan blog honetan bertan jaso genuen euribor plus indizea ezartzekoa zela Espainiako finantza-sisteman: etxebizitza.blog.euskadi.eus/2016/03/02/el-sindios-del-euribor-en-negativo/
Izan ere, Espainian euriborra erreferentzia duten hipoteka aldakorren % 90i eragingo die aldaketa garrantzitsu horrek.
Seguruagoa eta fidagarriagoa izango dela (edo, bestela esanda, lehen bezain egongaitza eta manipulagarria izango ez dela) aginduta, Higiezinen Merkatuen Europako Institutua (EMMI) erreferentzia hori inplementatzen ari da, datuak ematen dituzten entitate gehiago bilduz eta erreferentzia kalkulatzeko modua sakonean aldatuz.
Gaur egun, Europako bankuek elkarri dirua mailegatzeko erabiltzen duten batez besteko interesa da euriborra. Baina, izatez, kobratuko liratekeen interes-tasa horien estimazioak baino ez dira egiten. Formula horretan, gainera, % 15 altuena eta % 15 baxuena kendu eta batez besteko tasa kalkulatzen da.
Metodologia berriarekin kontuan hartuko dira bankuek elkarri egiten dizkioten gordailuak, baina baita enpresa handienak, beste finantza-erakunde batzuenak, erakunde publikoenak, ETE ez-finantzarioenak, aseguru-etxeenak edo pentsio-funtsenak ere, eta handizkako edozein bezerok epe laburrerako ekarritako baloreak ere bai. Eta erdiko tasak eskaintzen dituzten lauzpabost bankuen mediana da formula, batez bestekoa kalkulatzeko.
Dena dela, hasiera batean bazirudien euribor plus hori 2016ko bigarren erdian ezarriko zela, baina, antza denez, 2017ko ekainera arte ez da prest egongo.
Zeintzuk hipoteka, baina? Sistema berriak ez du legez erreferentzia-aldaketarik ekarriko, ez da euriborraren ordez euribor plus hori ezarriko, baizik eta kalkulurako metodologia berria, banku-transakzioen inguruko egiazko datuetan oinarritua eta ez aurreikuspenetan. Beraz, uztailetik aurrera sinatzen diren hipotekei eta 2017 aurretik euriborra erreferentzia hartuta hipotekatuei aplikatuko zaie, inolako kontratu-aldaketarik gabe. Zenbait entitatek adierazi dute, ordea, euriborraren ordez ezar litekeela kontratuan jasotako ordezko indizea (normalean entitateen IRPH indizea, zeina, bide batez esanda, ezbaian baitago eta aldatu egin behar baita), euribor plus indizea indarrean jartzen bada.
Garestiagoa izango ote da euribor plus indizea erreferentzia duen hipoteka? Goiz da jakiteko, etorkizunean bankuen artean egiten diren benetako transakzioen mende egongo da-eta.
EMMIk lehenengo balioak argitaratzen dituenean baloratu ahal izango dugu. Nolanahi ere, analistak hasi dira iragartzen garestitze hori gertatuko balitz erantzuteko aukera gutxi izango lituzketela mailegu bizien titularrak diren kontsumitzaileek, legeria indardunak mailegu horien aldaketa bermatuko lukeelako.
Argibide gehiago:
http://www.eldiario.es/economia/nuevo-Euribor-preparando-afectara_0_495551412.html
http://economia.elpais.com/economia/2016/04/06/actualidad/1459966864_245254.html
https://www.helpmycash.com/hipotecas/euribor-plus/