Banketxeak dagoeneko ari dira aztertzen hamabi hileko euriborraren –alegia, hipoteka gehienek duten aldagaiaren– jaitsiera bortitzagoak ekar litzakeen ondorioak, izan ere orain dela egun gutxi negatiboan jarri baita euriborra, historian aurreneko aldiz.
Balioa galtzen jarraitzen badu, eta badirudi hala gertatuko dela, Europako Banku Zentralak moneta-politika hedakorrak espero ditu eta, paradoxa hau gerta liteke: mailegatutako diruarengatik banketxeek bezeroei ordaindu behar izatea. Zehazki esanda, bizirik dauden maileguetan bezeroek ordaintzeke daukaten zorra gutxitzeko aplikatuko lirateke interes negatibo horiek.
Sektoreak oraindik urruti ikusten du egoera hori, baina dagoeneko ari da irtenbideak bilatzen, eskandalu berri bat egon ez dadin; izan ere, zalantza baitago entitateak behartuta ote dauden zenbateko horiek itzultzera.
Espainiako Banketxeen Elkarteko, hau da, banketxeen patronaleko lehendakariak, José María Roldánek, atzo adierazi zuen “ez dagoela garbi” mailegatzeagatik ordaindu egin behar ote duen sektoreak, eta gai hori ikuspuntu juridikotik aztertzeko eztabaida kolektibo bat egitearen alde agertu zen.
Fenomeno hori modu globalean aztertu beharko dela adierazi zuen Roldanék, bere esanetan ez baita fenomeno “ez osasungarria eta ez desiragarria”.
Hori bai, horrelako kasuak hemendik gutxienez bi edo hiru hilabetera arte ez direla orokortzen hasiko pentsatzen du. Lehenik eta behin, euriborraren oinarriari aplikatzen zaizkion diferentzialak daudelako, izan ere diferentzialak oso baxuak izan eta haiekin euribor-tipoaren jaitsiera konpentsa ezin daitekeenean bakarrik gerta baitaiteke horrelako egoerarik.
Ondorioak izateko,euriborraren hileko batez bestekoak -0,2 izan beharko luke, higiezinen boomaren garaian eman ziren hipotekarik merkeenak euriborra gehi % 0,17ko diferentzialarekin eman baitziren.
Banketxeen patronaleko arduradun nagusiak adierazi zuen gorabehera hori ez dagoela kontratuetan jasota eta, hortaz, lege-mailako adostasun batera iritsi beharko dela azkenean familia askori eragiten bazaie.
Roldánek, sektorearen jarrera defendatzeko, interes-tasa ultrabaxuen oraingo egoera honi buruzko hausnarketa egin zuen. “Zentzugabekeriatzat” jo zuen banketxeek maileguengatik ordaindu behar izatea eta, bezeroei, gordailuak egiteagatik, dirua eskatu behar izatea.
Euribor negatiboa kolpe latza izan daiteke Espainiako banketxeentzat, hipoteka gehien-gehienak adierazle horri lotuta baitaude.
Zehatz esanda, etxebizitza erosteko kredituen ehuneko 90 inguruk euriborra erabiltzen dute bezeroei aplikatzen zaizkien tasen erreferentzia gisa.
Bezeroei gordailuengatik ordaindu beharrean kobratzeari dagokionez, zenbait bankarik, Caixabankeko kontseilari delegatua den Gonzalo Gortázarrek, esate baterako, erabat baztertu dute euriborra negatiboan egon arren partikularrei ezarpenengatik kobratzea, horrek bezeroak uxatuko lituzkeelako.
Roldánek adierazi zuen Espainiako banketxeak posizio hobean daudela erronka horiei aurre egiteko eta merkatuari egokitzeko. Interes-tasa baxuek erakundeen kudeaketa zailtzen dute, are gehiago kredituen bolumena handitzen ez bada, gaur egun gertatzen den bezala. Diferentzialak, azken batean, banketxeen bitartekotza-marjinak dira, sektoreari negozioa egitea ahalbidetzen dienak, horiekin estaltzen baitira kostuak eta lortzen irabaziak.
Espainiako Banketxeen Elkarteko lehendakariaren iritziz, interes-tasak ez dira hemendik hiru urtera arte normalizatuko eta, hortaz, finantza-sistemak egoera horretan bizirauten ikasi beharko du.
Hala ere, aurten ordezko askoz zehatzago bat sortzea espero da: Euribor plus delakoa. Esaten dutenez, adierazle berri hori errealistagoa da; banketxeek egiten dituzten eragiketetatik abiatuz eratuko da, eta ez zenbatespenetatik, orain arte bezala.
Informazio gehiago, hemen:
http://www.pisos.com/noticias/reportajes/8-preguntas-sobre-el-euribor-plus/