BONO SOZIALA: ADI EGON

11/07/2018

EZ AHAZTU: ESKUBIDEA BALDIN BADUZUE, ESKATU BONO SOZIALA. ELEKTRIKEN bidez eskatu behar da;haiek hartzen dituzte eskabideak, eta haiek erantzuten dute.

 

IRAKURRI INFORMAZIO HAU

Erreforma onartu zenez geroztik, Espainian milioi erdi bat etxe baino zer edo zer gehiago apuntatu da eredu berrira; eskasa kopurua, milioika baitira deskontu horietara iristeko eskubidea duten etxeak. Are eta okerragoa zen egoera 2018ko martxoaren 31n, handik egun gutxira orduko gobernuak aurreko sistemaren indarraldia beste sei hilabetez luzatu beharra izan baitzuen, apenas jaso zutelako eskabiderik eta, prozesua konplexua izanik, elektrikek berek ere zalantzak zeuzkatelako.

Bono sozialerako eskubidea duten milioika etxe kanpoan geratzen da, momentuz: edo ez dute eskatu nahi izan, edo badenik ere ez dakite, edo prozesuaren zingiran lokaztuta geratu dira. Izan ere, sartu nahi duenak elektriken atean jo beharra dauka; haiek jasotzen dute eskabidea eta haiek ematen erantzuna, nahiz eta gobernuak egin kalkulua.

Horrek esan nahi du, datorren urriaren 8an, deskontu horietarako eskubidea izaten jarraitzen badute baina ez badute bono berria eskatu, bonifikazioak galdu egingo dituztela, eta argiaren faktura igo egingo zaiela automatikoki. Egun horretan, aurreko eredua behin betiko indarrik gabe geratuko da.

Zer den bono soziala? Larri dabiltzan kontsumitzaileei % 25eko beherapena egiten zaie elektrizitate-fakturan; eta % 40rainokoa ere bai oso larri dabiltzanei. Hori bai, baldintza batzuk bete behar dituzte.

Kasurik muturrekoenetan, nor edo nor gizartetik at geratzeko arriskuan bada eta fakturaren gutxienez % 50 pagatzen badu, ez du elektrizitate-faktura ordaindu beharko, eta aldi batean ezinezkoa bazaio ordainketa egitea, ez zaio elektrizitatea etengo.

Krisi ekonomikoa dela-eta, zoritxarrez, programa horrek arrakasta izan du, eta badira ia bi milioi eta erdi etxe haren onurabidera bilduak.

Datorren urriaren 8an, laguntza eskatzeko baldintzetan aldaketa garrantzitsu bat gertatuko da.

Funtsean, orain arte, sistemara biltzeko, etxebizitzak baldintza batzuk bete behar zituen (3 kwh baino gutxiagoko potentzia edukitzea kontrataturik, edo 60 urte baino gehiago izatea eta pentsio minimoa edukitzea, familiako kide guztiak langabezian izatea, eta familia ugariak), baina, aurrerantzean, diru-sarrerak izango dira batez ere kontuan. Hiru aukera daude:

  • Pentsioduna eta erretiro- edo desgaitasun-sari minimoa, beste sarrerarik gabe;
  • Familia ugaria, gaitasun ekonomikoa edozein delarik ere; eta
  • Errenta-mailaren arabera: etxean umerik ez badago, urtean gehienez 11.279 euroko sarrerak (1,5 aldiz IPREMa); edo, etxean bi adingabeko baldin badaude, 18.799 bat euro urtean (2,5 aldiz IPREMa).

Atalasa horiek gorago egongo dira tartean desgaitasunik baldin badago, edo genero-biolentziaren edo terrorismoaren biktimarik baldin badago.

Zabaldu zen epea deskontua baldintza berrietan eskatzeko, baina milioi erdi bat etxek baino zer edo zer gehiagok besterik ez du egin eskaria. Urrun, oso, Gobernuaren aurreikuspenetatik, uste baitzuen 2,5 milioi bat etxe bilduko zela.

Arazoa etorriko da, urriaren 8aren ondoren, baldintza berriak egiaztatu ez dituzten onuradunek bono soziala galtzen dutenean. Izan ere, oraingo kopuruak esku artean, lehengo sistematik tira egiten duten 1,9 milioi etxetan argiaren faktura igo egingo da automatikoki. Hortaz, mugitu, eta eskatu bono sozial berrirako eskubidea zuen elektrizitate-konpainiari.

Gai honi buruzko datu orokor batzuk:

  • Milioi eta erdi dira bonoa zuzenean jaso dezaketen erretiro-pentsio minimoak eta desgaitasun-saridunak, baina, gaur egun, horrelako 135.000 etxe baino ez dira eredu berrira bildu.
  • Familia ugarien % 22,5 besterik ez da bono sozial berriaren onuradun.
  • Eta, errentaren arabera murrizketarako eskubidea edukiko luketen 3,3 milioi etxeetatik, 256.000 soilik daude apuntatuta.
  • Aurrerantzean -hau da erreformak ekarri duen aldaketa garrantzitsuenetako bat-, gutxieneko alargun-pentsioa kobratzen dutenak pentsiodunen kategoriatik kanpo geratuko dira, baina urriaren 8ra arte jarraitu ahal izango dute bonoaz gozatzen. Horrelako 737.734 pentsio dago: 474,20 eurotatik 739,5 eurotara bitartera doaz.

Sistema zaharretik berrira igarotzen direnek sekretu bat deskubrituko dute: beherapena ez da faktura guztian aplikatzen. Erreformaren ondoren, zati batean bakarrik aplikatzen da. Datorren bezala, sistemak ez ditu etxeetako guztizko kontsumoak estaltzen.

Jakina, hain konplexua izanik prozesua, eta neurri hori inor gutxik ezagutzen duenez, gerta daiteke laguntza jasotzeko eskubidea duen jende asko azkenean kanpoan geratzea, eta, ikusita gaur arte zer jende gutxik egin duen eguneraketa, garbi dago komunikatzeko eta ohartarazteko kanpaina indartsu bat behar dela.

Euskal Etxebizitzako Behatokitik ohartarazten dugu horixe dela egoera.

Begi-bistakoa dirudi ez dela nahikoa neurri sozialak hartzea, herritarrari lagundu ere egin behar zaiola tramiteak bizkorrak, arinak eta, batez ere, lortu nahi diren helburuen araberakoak izan daitezen, eta kontua baldin bada larri den jendarte bati energia-kostuak murriztea, are eta gehiago.

 

Informazio gehiago:

http://www.bonosocial.gob.es/

http://www.mincotur.gob.es/energia/bono-social/Paginas/bono-social.aspx

 


Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.