ALOKAIRU-PREZIOA MUGA-MUGAN

16/05/2019

Jo du goia. Leku askotan, alokairuaren prezioa ia-ia iritsi da familien ahalmenaren muga teorikora. Eskariak ezin du igoera gehiago jasan.

Toki askotan, errentarien ahalegina soldataren % 30 baino handiagoa da. Merkatuak noraino behartuko du makina? Herri batzuetan, badirudi merkatuak ez ote duen burua galdu: eskaria aurrera bizkor, eskaintza hari segi ezinik, eta prezioak gora eta gora. Zein ote oreka-prezioa?

Soldaten eros-ahalmena nahikoa bizkortu ezinik, salerosketak oraindik piztu ez, eta, denbora askoan lehen aldiz, irtenbidea alokairua ez ote zen ustea zabaldu zen.

Baina… prezioen espekulazioa ez zen ba hara lerratu! Hondamena izan zen Madril, Bartzelona eta halako hiri handietan, ia hiriko inguru guztietan. Bartzelonan bertan, auzoen % 93an alokairuaren prezioa dirusarreren % 30 horren goitik dago, errentaren batez bestekoa 15 eurokoa izanik metro koadroko.

Eta Euskadi ez dabil aparte. Prezioen tentsio hori alokairura ere ari da zabaltzen arin-arin, eta, euskal hiriburuetako batzuetan, inoiz ez bezala ari dira gora eta gora.

Begira dezagun higiezinen gure inkestan, http://www.etxebide.euskadi.eus/documentacion/2019/informe-de-resultados-de-encuesta-sobre-la-oferta-inmobiliaria-del-4-trimestre-de-2018-cae/x39-ovse01/es/, eta garbi ikusiko dugu nolakoak izan diren errenta-igoerak Donostian eta Bilbon: 2007az geroztik (orduan hasi zen krisia), Donostian, hileko batez besteko alokairua 1.018€tik 1.389€ra igo da (% 36, 11 urtean); eta, Bilbon, batez besteko alokairuak 900€tik gaur egungo 1.084€ra aldatu dira (% 20).

Gasteizen, aldiz, babespeko etxebizitza bereziki ugari izanik, ia-ia lehen bezalaxe geratu da, hau da, lehen 906€koa zen alokairua, eta orain 878€koa. Nahiko egoera bitxia. Hartuko genuke.

Donostian, metro koadroaren alokairua 17,5 €ra iritsi da, eta, Bilbon, 13,7 €ra.

Zer egin, ordea?

Neurri asko eta asko darabilte buruan profesionalek, adituek, akademikoek, enpresa-munduak eta mundu publikoak.

Batzuek merkatuaren alde egingo dute jo eta su. Teoria liberal zaleak izanik, orain ez bada gero merkatuak aurkituko omen du oreka, eskari-eskaintza jokoak beharturik. Merkatua merkatu baita, inozo hori. Eta merkatuak eta merkatuko asignazio-mekanismoek ematen ez diguten orotarako, hortxe dugu familia, eta Jaungoikoa.

Badira, ordea, beste batzuk, asko, uste dutenak publikoki arautu beharra dagoela merkatu pribatu arima gabea. Alegia, etxebizitzaren funtzio sozialaz behar dugula hitz egin, jabetza pribatuaren aprobetxamendu maximizatuei muga jarri, eta gehienezko errenta-politikak ezarri.

Espainiako Gobernua erlojuaren kontra lanean ari da, estaturako erreferentziazko indize-sistema bat taxutu nahian etxebizitzetarako, eta hartara, merkatuen jarraipena egiteko eta oinarri bat edukitzeko zergetan edo beste edonola neurririk hartu behar izanez gero.

Autonomia-erkidegoek ere egin ditzakete beren indizeak, etxebizitzetan dauzkaten eskumenak nola gauzatu definitzeko, baina batak ez du beste baztertzen. Edonola ere, indize horrek administrazioei ez die, berez, gaitasunik ematen alokairu-prezioak arautzeko sistemak ezartzeko. Legezko beste babes batzuk behar dira horretarako.

Beste leku batzuetan lehenagotik hasiak dira horretan, eta garbi geratu da, merkatua eskariaren eta eskaintzaren artean tenkatuta dagoenean, adibidez Berlinen, alokairu-prezioei muga bat jartzea ez dela erabat erabakigarria izan ez errentarientzat, ez merkatua lasaitzeko, ez iruzurrak ekiditeko (ikus OVV Blogeko artikulu hau: https://etxebizitza.blog.euskadi.eus/es/artikuluak/fracasa-la-limitacion-de-la-renta-de-alquiler-en-berlin/). Badirudi, hortaz, etxebizitza-politikan apustu egitekotan, ez dela ez apustu bakarra, ez baten aldekoa ere egin behar, baina bai koherentziaz, koordinaturik, fundamentuz, eragina edukitzeko bezain bestean, eta luzerako. Izan ere, esaten zen ba arrautza guztiak ez jartzeko saski berean. Hobe saski bat baino gehiago, eta denak ere zulorik gabeak.

Gurera etorriz, etxebizitzaren funtzio sozialaz ohartuta, eta etxebizitzaren euskal politikak legebiltzarraren babesa ere baduenez -horra hor, Etxebizitzaren 3/2015 Legea-, Euskadin, hutsik dauden etxebizitzak erakartzeko ahaleginean gabiltza, haiek birgaitzeko eta merkaturatzeko laguntzak ematen ditugu, eta, jakina, prezioei eusteko neurriak ere hartzen ditugu, Behatokiak berak egindako indize batzuen arabera. Indize horiek izango dira eredua nor edo nori zergak larriagotzeko edo arintzeko, eredutik zein urrun edo hurbil dagoen.

Ez dago neurri bat bakarrik funtzionatuko duenik, berriro diogu, aldi berean neurri-andana bat behar dugu, eta luzerako gainera. Etxebizitzaren ekosisteman, ekosistema-kide guztiei segurtasuna, babesa eta aukerak eman behar dizkiegu, iraunkortasunez.

Eta konponbideak ez dira etorriko, soilik, herritik bertatik; arazo askoren muina gure mundu globalizatu honetan dago-eta.

Etxebizitzaren merkatuak konponbide globalak ere behar ditu; nazioez gaindi, EB guztirako adibidez, oraintxe bertan etxebizitzaren arazoa (eta batez ere alokairua) Europa guztiko arazo baita jada.

 

Informazio gehiago

https://elpais.com/economia/2019/05/06/actualidad/1557161652_419683.html

http://www.asociacionaev.org/x.-observatorio-de-la-valoracion-de-la-aev.-el-90-de-los-expertos-cree-que-el-desajuste-salarios-precio-de-vivienda-es-la-principal-limitacion-del-mercado-inmobiliario-.htm

http://www.asociacionaev.org/admin/uploads_doc/varios/08052019140614_1.X_Observatorio_Valoracion_AEV_-_INFORME.pdf

https://www.telecinco.es/informativos/economia/alquiler-limite-subida-ipc_0_2715300073.html

 


Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.