113.623 euskal herritarrek ez dute diru-sarrerarik lehen etxea erosteko edo alokatzeko

portada_informe

03/09/2018

2008an baino % 15 gehiago dira, 18 eta 44 urte bitartekoak dira eta lan ezegonkorrari egozten diote errua

Sorburua: JOSÉ DOMÍNGUEZ BILBAO – EL CORREO – 2018/08/27

Adituentzat egia izango da susperraldi ekonomikoa dagoeneko iritsi dela, baina kontua da, orain arte behintzat, jende guztiak ez dituela maila berean jaso haren onurak. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako txosten batek adierazten duenez, diru-sarreren igoera ez da iristen ari gizartearen beheko mailetara. Izan ere, orain dela bi urte Euskadin 151.112 pertsona zeuden pobrezia-arriskuan, 2008an baino % 20 gehiago, eta ez du ematen egoerak hobera egin duenik, etxea izateari dagokionez, behintzat.

Atzerakada horrek, Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jáureguik azpimarratzen duenez, zerikusi zuzena du etxe baten eskatzailearen profilarekin. Bereziki, emantzipatu nahi dutenak daude egoera horretan. Horrela egiaztatzen du Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta batek, zeinak erakusten baitu lehen etxea erosi edo alokatu nahi duten euskal herritarren % 82k (zehazki, 113.623 pertsonak) ezin dutela horrelakorik egin nahiko baliabiderik ez dutelako, eskuragarri dagoen azken ikerketaren arabera.

Zifra hori berez nahiko deigarria da, baina haren garrantzia biderkatu egiten da kontuan hartzen badugu azken hamarkadan % 15 igo dela. Are deigarriagoa da, gainera, ikusten dugunean egoera horretan dauden hamar lagunetik bederatzi 18 eta 44 urte artekoak direla. «Gazteriaren oso portzentaje altua hartzen du», baieztatu du atsekabez arduradun autonomikoak. Askok badute lana, baina, gehienetan, gaizki ordaindua edo ezegonkorra, edo bi gauzak batera; 2008an egoera horretan zeudenak baino bi aldiz gehiago. Soldatak ez dira nahikoak etxea merkatu librean erosteko edo alokatzeko, baina, aldi berean, diru-laguntzak jasotzeko mugak gainditu egiten dituzte, eta, horrek, praktikan, «babestutakotik kanpo» uzten ditu.

EMANTZIPAZIOA ETA POBREZIA-ARRISKUA. 2016KO DATUAK / C. ZAFRA

Bostehun, etxe gabe

Jáureguik aitortzen du etxebizitza-eskari horri baliabide publikoekin erantzuteko «55.000 etxebizitza gehiago» beharko liratekeela. Eta guztiak alokairuko erregimenean eskaini beharko lirateke, zeren eta hori da, Jáureguik azpimarratzen duenez, gaur egun Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emandako eskatzaileek lehenetsitako aukera. Jaurlaritzak errentan dituenak, berriz, 12.500 etxebizitza baino ez dira; 19.000, gainerako euskal administrazio publikokoak gehitzen badira. Bere ustez, zentzuzko zifra bat, epe ertainera, 30.000 ingurukoa izan beharko litzateke, «baina horra iristeko, etorkizunean etxebizitza-politikak indartu beharko lirateke».

Etxebizitza Sailak EAEn 2020. urtera arte babespeko 6.350 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Eta hiru urte hauetan espero du Bizigune alokairu publikoko programan sartuta dauden etxebizitza pribatuak % 30 gehitzea, 6.400 izan arte. Apustu hori osatzeko, berriz, Etxebizitza Sailak igo egingo ditu merkatu librean errenta bat ordaintzen laguntzeko (hilean, ia-ia 1.000 euro) Euskadiko 28.000 laguni baino gehiagori ematen dizkien diru-laguntzak. Sailburuordeak azpimarratu du «prestazio horiek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin eta gizarte-larrialdiagatiko prestazioekin batera, funtsezkoak izan direla 134.000 pertsonak (euskal biztanleriaren % 6,3) pobrezia-arriskutik atera eta etxe duin bat izan dezaten».

Halere, erakundeek baliabiderik gabeko familien ekonomiari laguntzeko egindako ahalegina ez da nahikoa izan, eta askok ia dena galdu dute. Baita etxebizitza ere. Zehazki, eta 2016an egindako inkesta baten arabera, gutxienez 2.009 euskal herritar bizi dira «bizitoki-bazterkeria larriko» egoeran. Ia 500 lagunek ez dute babes hartzeko aterperik ere. Horietatik 213, berriz, behartuta daude estalperik gabe lo egitera, zubi baten azpian edo edonon.

Beste 248k gaueko aterpetxe batean lortzen dute normalean plaza bat; 61 lagunek, berriz, ahal den moduan konpontzen dira, txaboletan, autokarabanetan edo ‘okupa’ gisa infraetxeetan. Gainerako 1.487ek gutxienez ohe iraunkor bat aurkitu dute aterpetxeetan eta ostatu hartzeko zentroetan. Zenbait kasutan seme-alabak dituzten emakumeentzat izaten dira, eta beste kasu batzuetan, berriz, laguntza ematen dute eta jarraipena egiten diote etxerik gabeko pertsona hauen problematikari.

Behatokiaren txostenak egiaztatzen du urtetan aurrera doan jendea dela talde horretakoa, % 21ek bakarrik baitu 25 urte baino gutxiago. Portzentaje hori sei puntu jaitsi da 2014. urtetik hona. Adineko jendea da, eta, gainera, denbora luzea daramate (3 urte, gutxienez) gizarte-bazterkeriako egoera horretan.

Asmo handiko programa bat gazteei laguntzak emateko

Pedro Jaureguik argi dauka gazteentzako laguntza izan behar dela Sailburuordetzaren politikaren ardatzetako bat datozen urteotan. Horregatik, Etxebizitza Sailak kolektibo horrentzako berariazko kupoak ezarriko ditu babes ofizialeko etxebizitza berriak banatzeko Etxebidek erabiliko dituen irizpideetan, eta diru-laguntzen programak ere gehituko ditu. Programa deigarriena Gaztelagun izango da. Programa horren bidez, datorren urtarrilaren 1etik aurrera, alokairu pribatu baten zenbatekoaren erdia ordainduko zaie urtean 12.000 eta 18.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztela egiaztatzen duten 23 eta 35 urte arteko gazteei (familia ugaria osatzen badute, urtean gehienez 20.000 euro; eta desgaitasunen bat badute, urtean gehienez 22.000 euro). Neurri hori Euskadin aplikatuko da lehen aldiz Espainiaren barruan, eta espero da 6.000 gazteri ekarriko dizkiela onurak 2021ean. Estatuko laguntza publiko altuena izango da, eta estali beharreko errenta, gehienez, 600 euro izango da, eta 750 euro, euskal hiriburuen kasuan.

Sailburuak aurreratu du proiektu horren kudeaketaren ardura Alokabide sozietate publikoak izango duela, zeinak dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren alokairu-parkea osatzen duten 12.500 etxebizitza kudeatzen baititu. «Egunero 80 pertsona baino gehiago ari dira lanean, hileko ordainketak, mantentze-lanak eta zaharberritze-premiak izapidetzen», azaldu du. Eginkizun honi erantzuteko (eskaera bakoitzak baldintzak betetzen dituen aztertzea, ordainketak egitea eta haien jarraitutasuna bermatzea), «beste 15 pertsona kontratatu beharko dira». Etxebizitza Saila amaitzen ari da diru-laguntzen sistema hau arautuko duen erregelamenduaren idazketa, eta «egun gutxi barru diru-laguntzak izapidetzen hasiko gara».


Utzi erantzuna AustAgrild(r)i Utzi erantzuna

Zure posta elektronikoko helbidea ez da argitaratuko. Eremu guztiak bete behar dira.

Etxebizitzaren Euskal Behatokian cookieak erabiltzen ditugu, zerbitzu eta esperientzia hobeak emateko xedez. Cookiea artxibo txiki bat da, erabiltzailearen ordenagailuan, tabletan, smartphonean edo nabigazioari buruz informazioa ematen duen bestelako edozein gailutan gordetzen dena. Gure erabiltzaile guztien cookie multzoa lagungarri zaigu gure webgunearen kalitatearen hobekuntzarako, aukera ematen baitigu zein orri diren baliagarriak eta zein ez kontrolatzeko eta zeintzuk hobetu daitezken ikusteko. BAIMENA Etxebizitzaren Euskal Behatokian inoiz ez ditugu gordetzen zure datu pertsonalak, ezpada IP helbidea (goian azaldu dugun moduan), zeure borondatez erregistratu nahi ez duzun bitartean behintzat. Erregistratzen bazara, eskura jartzen dizkizugun produktu eta zerbitzuak erabil ditzakezu eta zure interesekoak diren sustapen eta edukiei buruzko informazioa jaso dezakezu. Gure webgunean sartu eta nabigatzen segituz gero, esan nahi du baimena ematen diguzula cookieak erabiltzeko, hemengo cookie-politikan jasota diren baldintzetan.