Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aldi baterako salbuetsiko ditu alokairua eta erkidego-gastuak ordaintzetik koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoa jasaten ari diren Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu babestuko parke publikoetako maizterrak.
Alokairuko parke publikoak barnean hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasuneko etxebizitzak, Alokabide sozietate publikoaren etxebizitzak, Bizigune eta Gaztelagun programen esparruan alokatutakoak, eta indarreko edozein babes-formularen pean alokairuan lagata dituzten beste eragile publiko eta pribatu batzuen titulartasuneko etxebizitzak.
Zein pertsonak eska dezake alokairua ordaintzetik salbuestea?
Baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateak dituzten pertsona guztiak:
- 2020ko martxoaren 14a baino lehen alokairuko etxebizitzen parke publikoko etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki baten alokairu-kontratua indarrean eta formalizatuta izatea, alokairu-errenta gehi komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak errentariaren bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuen % 30etik gorakoak izatea.
- Besteren konturako langileen kasuan, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran egotea, errentarien edo emakidadunen bat langabezian geratu delako 2020ko martxoaren 14aren ondoren.
- Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, diru-sarrerak galdu badituzte, edo salmentak jaitsi badira, % 40 edo gehiago, 2020ko apirileko eta maiatzeko diru-sarrerak edo salmentak erreferentziatzat hartuta, alarma-egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean egindako batez bestekoarekin alderatuta.
Eskaera egiteko epea
Eskaerak egiteko epea apirilaren 3tik maiatzaren 31 arte izango da, biak barne.
Zer hilabete egon daiteke ordaintzetik salbuetsita?
Eskaera egin eta dagokion Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak aldeko ebazpena eman ondoren, salbuespena hilabete osoz aplikatuko da, eta apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei eragin ahal izango die.
Nola eskatzen da?
Alokairua ordaintzetik salbuesteko eskabideak 2020ko apirilaren 3tik aurrera aurkez daitezke, www.euskadi.eus/zerbitzuak/11022401 web-orriaren bidez. Teletramitazio hori egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoak identifikaziorako eta sinadurarako onartzen dituen baliabideetako bat eduki beharko da.
Alokabide SA sozietate publikoak kudeatuko ditu eskabideak, eta dagokion Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak ebatziko ditu. Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Alokabideren edozein bulegotan, alarma-egoera amaitu eta administrazio publikoen aurrez aurreko arreta-zerbitzuak berriro ezartzen direnean.
Eskabidearekin batera, behar bezala beteta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da. Adierazpen horretan, errentak ordaintzetik salbuesteko eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazi beharko da, eta berariaz aitortu beharko dira familia-unitateko kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbiak.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ofizioz kontrastatuko du kasuan kasuko administrazio publikoekin betekizun horiek betetzen direla. Baldintza horietakoren bat betetzen dela egiaztatzea ezinezkoa bada, edo eskatzaileak sailak administrazio publiko eskudunetatik eskatzearen aurka egiten badu, lurralde-ordezkaritzek dagozkion dokumentazio-eskaerak egingo dituzte.
Gaztelagun eta ASAP programa
COVID-19 birusaren pandemia dela-eta Gaztelagun laguntza-programaren onuradun diren pertsonek aldi baterako eta ezohiko laguntza osagarri bat jaso ahal izango dute, aitortuta duten dirulaguntza osatu ahal izateko, programa hau arautzen duen 2018ko abenduaren 18ko Aginduan ezarritako etxebizitzaren hileko errentaren mugetara iritsi arte.
Laguntza horiek izapidetzeko, dagokion aldaketa-eskaera aurkeztuko da, onuradun bakoitzak egoitza elektronikoaren Nire karpeta atalean irekita duen laguntzaren espedientean.
Merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako (ASAP) errentariek, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, salbuespen horiek ere baliatu ahal izango dituzte, kontratua sinatu zuten agente laguntzaile homologatuaren aurrean eskaera bat aurkeztuta.
Salbuetsitako errentari dagokion zenbatekoaren ordainketa zuzenean ordainduko zaie jabeei; horretarako, agente laguntzaile homologatuek ordainketa egin ahal izateko behar diren datuak bidali beharko dituzte, salbuespena aitortzeko proposamenarekin batera.
Interesko dokumentuak: